Gasteiz Soul Clubek bi urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko jaialdia antolatu dute hiriko gune ezberdinetan. Soul pintxada soil bat egiteko asmoz elkartu zen taldea, baina izandako harrera ona ikusita jarraitzea erabaki, eta Gasteiz Soul Club kolektiboa egonkortu egin da jada; bi urtean hainbat emanaldi, erakusketa eta aurkezpen antolatu dituzte.
Irailaren 19a izango da urteurrenaren egun handia, eta Northern Soul mugimenduak protagonismo berezia izango du ospakizunetan. Goizean Northern Soul dantza ikastaroa antolatu dute Paso Triple dantza eskolan, Maria Peña dantza irakaslearen eskutik. Izena emateko emaila ere zabaldu dute: gasteizsoulclub@gmail.com.
Arratsaldean Old Tower Stuff disko dendak hartuko du lekukoa lehenik, 18:00etan bertan aurkeztuko baitute Northern Soul. Manteniendo la fe liburua, eta liburua osatzen aritu diren pertsonen ekarpenak entzuteko aukera ere izango da. Amaitzeko, 20:30etan abiatuko da dantzaldia eta musika emanaldia Ttipia tabernan. Gasteiz Soul Clubeko "ohiko gaizkileekin" batera hiru gonbidatu izango dira pintxada osatzen, Bea GB, Imanol Basterra eta Cesar in the City.
Urteurrenaren egun nagusiaz gain, hilabete osoan zehar argazki erakusketa bat egongo da ikusgai Old Tower Stuff disko dendan. Zehazki, Alex Amoros argazkilari katalanaren argazkiak erakutsiko dituzte, Erresuma Batuko Northern Soul eszenaren berpiztea jaso dutenak.
Iggy Klask eta Ok!Antzak hasitako bideari gaizkile gehiago batu zaizkio urteotan, Rufian eta Kobalski esaterako. Soul musikarekiko maitasuna zabaldu nahian antolatu dituzte Gasteizen zein beste hainbat herritan; Black Marianitoak, sesio eta pintxada ezberdinak, erakusketak, hitzaldiak, fanzineak... eta aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi dute.