35 hotel berri eraiki ahalko dira Gasteizko Alde Zaharrean

Jon Hidalgo

"Bizilagunen atsedena babesteko" sektoreka banatu dute hotel kopuru posiblea. ALEA

PERI berriaren testua adostu dute PPk eta Udal Gobernuak. Hiru zonaldetan banatu dute Alde Zaharra, eta bakoitzerako ostatu posible kopurua zehaztu. Tabernei eta beheko solairuetako etxebizitzei eragiten dieten neurriak ere hitzartu dituzte.

PSE eta EAJren Udal Gobernuak PPrekin adostu du Gasteizko Alde Zaharraren PERIrako testu berria. Birgaitze Integratuko Plan Berezia oraindik onartzeke badago ere, Alderdi Popularrak egindako proposamenak onartu ditu udalak, osorik edo partzialki gutxienez, eta bideratu dute plan berriaren prozesua.

Bi urte daramatza PERIak tramitazioan, eta eraikinen erabilera turistikoa izan da gatazka puntu nagusietako bat. Ostatuen kopurua zehaztu dute oraingoan alderdiek; 35 hotel eraiki ahal izango dira Alde Zaharrean. Udal Gobernuak proposatua zuen etxadi bakoitzean hotel bana egon ahal izatea, 48 guztira gehienez, baina planteamendua aldatu da azkenean.

Hiru sektoretan banatu dute Erdi Aroko hirigunea, eta bakoitzean egon daitekeen ostatu kopurua ezarri dute, "Alde Zaharraren bizitegi-ahalmena babesteko", Borja Rodriguez Hirigintza zinegotziaren arabera. "Hegoaldeko sektorean" onartuko dute hotel gehien, San Frantzisko kaletik Andre Maria Zuriaren plazaraino doan sektorean. Kale horien arteko 21 etxadietan hogei ostatu jarri ahalko dira gehienez, eta gutxienez hamahiru.

"Erdialdeko sektorea", Santa Maria kantoitik San Frantzisko kaleraino, bizilagunen etxebizitzetarako lehenetsi dute, azaldu dutenez, "bizilagunen atsedena babesteko". 15 etxadi horietan 8 hotel establezimendu egon daitezke gehienez, "eta lau gutxienez". Kubo kaletik Santa Maria kantoiraino, "Iparraldeko sektoreak" duen monumentu eta museo kopurua nabarmendu dute udaletik, eta eremu horretan zortzi eta hamabi hotel artean baimendu dituzte.

Tabernak eta "ekoizpen etxebizitzak"

Ostatuen sektoreaz gain bestelako neurriak ere adostu dituzte udalak eta PPk. Erraztasunak jarriko dituzte tabernak lekuz aldatzeko, egun daukaten lokalean ez bada bideragarria intsonorizazioa eta irisgarritasuna bermatzea. Neurriak soilik eragingo die PERIa onartzen denerako jada martxan dauden tabernei, eta ez du aldatuko auzoko tabernen lizentzia kopurua.

Bestalde, PPren eskariz, eraikinen beheko solairuetan "etxebizitza tailerrak" izatea baimenduko da, espazio berean elkartzea etxebizitza bat eta jarduera ekonomiko bat, betiere  eraikinak zenbait baldintza betetzen baditu. Etxebizitzen birgaitzearekin lotutako beste aldaketa batzuk ere jaso dituzte testuan, esaterako, isolamendurako baimentzen diren materialen zerrenda malgutzea.

PERIaren emendakin fasean 22 aldaketa jaso zituen udalaren testuak, norbanako, enpresa edo elkarteek eginak. Jasotakoen %60a onartu dela adierazi du udalak. PPk aurkeztutako hamalau emendakinak onartu dira, osorik zein moldatuta. Honekin amaitu da alegazioak aztertu eta ebazteko prozedura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago