Industrialdeetara bizikletaz joatea sarituko du Gasteizko Udalak

Jon Hidalgo

Lanera joateko bizikletaren erabilera sustatu nahian abiatu dute kanpaina. ALEA

Gasteizko industrialdeetara lanera joateko bizikletaren erabilera bultzatzeko 'Bizienpresa 2026 erronka' aurkeztu du Ingurumen Gaietarako Ikastegiak. Ekimena urriaren 1etik azaroaren 30era egingo da, eta parte hartzaileek sariak eskuratzeko aukera izango dute.

Egunero 40.000 pertsona inguru joaten dira lanera Gasteizko industrialdeetara, eta horietako gehiagok bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea da Ingurumen Gaietarako Ikastegiak abiarazi duen kanpaina berriaren helburua. Bizienpresa 2026 erronka izeneko ekimena urrian eta azaroan egingo da, eta industrialdeetako langileei zein enpresei dago zuzendua.

Kanpainaren aurkezpenean, Ingurumen zinegotzi Borja Rodriguezek azaldu du Jundizerako eta Parke Teknologikorako bizikleta konexioetan hobekuntzak egiten ari direla, eta hori baliatu nahi izan dutela mugikortasun ohiturak aldatzeko. Haren hitzetan, erronkaren bidez langileak animatu nahi dituzte lanera bizikletaz joatea probatzera, aldi berean enpresen eta langileen ingurumenarekiko konpromisoa indartuz eta hiriko mugikortasun jasangarriaren helburuak lortzen lagunduz.

Argudiatu duenez, bizikletaren alde egiteak hainbat onura ekarriko ditu: eguneroko ariketa fisikoa sustatuko du, bizi kalitatea hobetzen lagunduko du, karbono aztarna murriztea ahalbidetuko du, trafiko ilarak saihesteko aukera emango du, eta dirua aurreztea ere ahalbidetuko du erregaian, aparkalekuan eta garraioarekin lotutako bestelako gastuetan. "Hiri garbiago eta isilago" baten aldeko ekarpena egingo dela nabarmendu dute udaletik.

Ekimena 2026ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean garatuko da, eta parte hartzaileen kilometroak Ciclogreen aplikazioaren bidez erregistratu beharko dira. Kanpainaren bi hilabeteetan gutxienez 80 kilometro egiten dituztenen artean sariak zozkatuko dira: lehen saria 2.400 euroko bizikleta elektrikoa izango da, eta horrez gain, tokiko saltokietan erabiltzeko aurrez ordaindutako txartelak banatuko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago