Salburuko Harrera Sareak salatu du Gasteizko Udalak behin betiko eten duela Salburua Burdinbide auzo elkartean Maliko asilo eskatzaileei eskaintzen zitzaien lo egiteko aukera. Sarearen arabera, udalak udan bidalitako gutun baten bidez jakinarazi dio auzo elkarteari lokalaren erabilera horrekin jarraituz gero espazioa galtzeko arriskua izango lukeela. Ondorioz, salatu dute irailaren 3tik aurrera berriro kalean lo egitera behartuta daudela azken sei hilabeteetan bertan gaua igaro izan duten pertsonak.
Ez da guztiz berria gaia. Salburuko Harrera Sareak uztailean bertan ohartarazi zuen udalak debekatu egin zuela auzo elkartearen lokala lotarako erabiltzea, argudiatuta espazioa auzo, kultura eta gizarte jardueretarako lagata zegoela eta ez ostatu gisa erabiltzeko. Orduan ere sareak salatu zuen erabakiak dozenaka asilo eskatzaile kalean uzteko arriskua areagotzen zuela, eta ez zela alternatibarik eskaini.
Urtebete baino gehiago daramate hainbat asilo eskatzailek Salburuan kalean bizitzen, asilo eskaera izapidetzeko zain. Instituzioen "erantzunik ezaren aurrean", auzoko bizilagunek antolatu zuten harrera sarea eta baliabide propioekin eman diete laguntza behar zuten pertsonei.
Azken sei hilabeteetan, Salburua Burdinbide auzo elkarteak bere lokala laga die gauean aterperik ez zuten pertsonei. Sareak azaldu du ekimena larrialdi egoera bati erantzuteko sortu zela, erakundeek konpondu gabe utzitako arazo baten aurrean. Horrela, hainbat lagunek kalean lo egitea saihestu ahal izan dute hilabeteotan.
"Elkartasuna kriminalizatzen ari dira"
Harrera Saretik azaldu dutenez, udalak udako oporrak baliatu ditu auzo elkarteari gutuna bidaltzeko. Sarearen iritziz, mehatxu horrek ez du soilik gaueko harrera arriskuan jartzen, baizik eta auzo elkarteak egunero garatzen dituen gainerako jarduera komunitario guztiak ere.
Salburuko Harrera Sareak gogor kritikatu du udalaren jarrera, eta azken hilabeteetan izan duen bilakaera. Haien esanetan, orain arte erakundeek arazoaren aurrean jarrera pasiboa izan du udalak, konponbiderik eskaini gabe eta beren erantzukizuna saihestuz. Orain, berriz, "aktiboki elkartasuna kriminalizatzera" igaro direla salatu dute.
Sareak argudiatu du Gasteizkoa ez dela kasu isolatu bat, eta Donostian etxerik gabeko pertsonei eskaintzen zaizkien afari solidarioen eztabaidarekin lotu du gertatutakoa. Haien esanetan, gero eta oztopo gehiago jartzen ari zaizkie herritarren elkartasun ekimenei.
Udalari eskaera
Salburuko Harrera Sareak jakinarazi du lanean jarraituko duela egoera salatzen eta asilo eskatzaileei laguntzen. Aldi berean, galdera zuzena egin dio Gasteizko Udalari: "Zer neurri hartu ditu edo hartuko ditu pertsona hauek kalean lo egin ez dezaten?".
Sarearen ustez, arazoaren muinean jarraitzen dute asilo eskaerak tramitatzeko atzerapenek eta harrerako baliabideen gabeziak. Horregatik, berriro eskatu dute erakundeen arteko koordinazioa eta irtenbide egonkorrak martxan jartzea. Haien esanetan, "arazoa ez da konpontzen lokal batean lo egitea debekatuz, benetako alternatibak eskainiz baizik".
View this post on Instagram