Aldi baterako ehun kontratu mugagabe bihurtzen dituztela ospatzeko ekitaldi batean parte hartzeko gonbidapena jaso du Mercedeseko langileen batzordeak zuzendaritzaren partetik, eta aho batez uko egin diote parte hartzeari. "Enpresak egin nahi duen aurpegi garbiketaren parte ez izatea eta konplize ez izatea erabaki dugu", esan dute ohar batean.
Sindikatuek azpimarratu dute pozten direla ehun pertsona horiengatik baina arbuiatu dute Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) bitartez langileak kontratatzea. Ildo horretan, gogoratu dute gaur egun ekoizpenean ari diren langileen heren bat baino gehiago (1.600 pertsona baino gehiago) modu horretan kontratatu dituela zuzendaritzak.
Bestalde, gardentasun falta salatu dute kontratu mugagabeak erabakitzeko irizpideetan eta objetiboak izatea galdegin dute. "Entxufismoaren irizpidearen menpe jarraitzen dugu, langile onak izanda, finko izateko inolako aukera ez duten pertsonak daudelarik, beste mota bateko irizpideak lehentasuna baitute: norbaiten lagun, ezagun, familia... izatea".
Kontratazio eredu horrek hainbat sindikaturen "jarrera mafiosoak" ahalbidetzen dituztela kritikatu du langileen batzordeak. "Ustezko sindikalistak behin-behineko kontratua duten pertsonengana hurbiltzen dira "afiliatu eta behin-betiko egingo zaitugu" xantaia zahar eta kaskarra erabiliz", baieztatu dute.