Asteburu honetan Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko eta emakume bat atxilotu ditu, genero eta etxeko indarkeriari lotutako esku hartzeetan, eta beste emakume bat ikerketapean du, atxilotutako bati lesioak egin izana egotzita.
Lehen erasoa igande goizean izan da, Salburuan, Gasteizko Udaltzaingoak ezagutzera eman duenez. Bertan goizeko hamarrak aldera 24 urteko andre bat atxilotu dute, genero indarkeriari lotuta. Etxebizitza batean eztabaida handia zegoelako abisua jasota, Udaltzaingoaren patruila bat hara joan da. Gorputzeko hainbat tokitan zauritutako gizon batek ireki die atea poliziei. Hasierako ikerketa horien ondorioz, emakumea atxilotuta eraman dute.
Larunbat goizean 26 urteko gizonezko bat atxilotu dute Aranbizkarrean, genero indarkeriari lotutako beste esku hartze batean. Emakumeak eman du abisua, gizonezko bikotekideak eraso egion diola salatuz, eta gizonak ihes egin duela ohartaraziz. Lesioekin artatu dute emakumea, eta osasun zentro batera eraman. Ihesean zegoen gizonezkoa harrapatu eta atxilotu dute, eta 21 urteko emakumea ikertzen ari dira ere, etxeko indarkeriaren testuinguruan gizona lesionatzeagatik.
Koroatzean, berriz, igande goizean 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute, oraingoan ere genero indarkeriari lotuta. Poliziek dei bat jaso dute, gizon batek emakume bati kalean eraso egiten ari zela abisatuz. Zauriak zituen emakume bati eusten aurkitu dute atxilotutakoa. Bikotea direla esan diete poliziei, eta, testiguen testigantzetan oinarrituta, gizonezkoa atxilotuta eraman dute.
Asteburuan jasotako salaketei dagokienez, Udaltzaingoak esan du hiru salaketa jaso dituela genero indarkeriagatik, eta bi etxeko indarkeriagatik. Beste bana mehatxuengatik eta derrigortzegatik jaso dute, testuinguruaren berri eman gabe. Orotara 68 salaketa egon dira: besteak beste, 32 ebasketa, hamasei kalte edota indarkeriak egindako bi lapurreta.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.