Olarizuko erromeriak eman dio hasiera ikasturte berriari Gasteizen

Anakoz Amenabar

Olarizuko erromeriak milaka gasteiztar bildu ditu tradizioari eta festari eusteko

Gasteizko udalbatzak bost mende baino gehiagoko tradizioari eutsi dio goiz-goizetik, udalerria inguratzen duten mugarriei bisita eginez; aurten zazpi kilometroko ibilbidea osatu dute Gasteizko mendatearen eta Zaldiaranen artean. Ohiko ibilaldiaren ondoren, Olarizuko zelaietan jarraitu du festak. Bertan, beroa ez da oztopo izan, eta ilara luzeak izan dira Boilur elkarteak prestatutako babarrun plater bat lortzeko.

Arratsaldean, erromeriak adin guztientzako egitarau zabalarekin jarraitu du zelaietan. Beroak bero, gasteiztar ugari bildu dira herri kirolen erakustaldiaz gozatzera, baita euskal dantzekin eta haurrentzako jolasekin ere. Udal Musika Bandak, txistulariek, gaiteroek eta erraldoi zein buruhandien konpartsak lagunduta, kalejiran bueltatu dira herritarrak Gasteiz erdigunera, 20:00etan, eta Plaza Berrian jaialdiari amaiera eman diote zezensuzkoarekin.

Argazkiak: Ekaitz Anda

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago