Belaunaldi berriak zesta-puntara hurbiltzeko hitzordua igandean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Zesta Punta Guuk bira Gasteizko Olaben egingo dute. GUUK

Zesta-punta belaunaldi berrien bila dabil Gasteizen, Araba-Bizi Airean klubaren, Maite Ortiz de Mendibilen eta Jon Zabala Bulleten eskutik 

Zesta Punta Guuk Experience 2026 bira irailaren 20an iritsiko da Gasteizko Olabe pilotalekura, Araba-Bizi Airean klubaren eskutik. Ekimenaren helburua zesta-punta familiei eta belaunaldi berriei hurbiltzea da, oinarrizko eskolen bidez kirolaren etorkizuna sustatzeko.

Jarduera 11:00etatik 12:30era egingo da, eta Araba-Bizi Airean eskolako pilotari gazteek erakustaldia egingo dute. Bertaratutakoek hainbat ariketa eta masterclass batean parte hartzeko aukera izango dute, saskiarekin praktikatu eta zesta-puntaren nondik norakoak ezagutzeko.

Jon Zabala Bullet puntistak ere zesta-puntaren historia, balioak eta abiadura oinarri duen kirolaren inguruko zehetasunak azalduko ditu. Zabala zesta-puntaren aurpegi ezagunenetako bat da, eta  belaunaldi berrien artean zesta-punta sustatzearen bultzatzaile nagusietako bat 2023az geroztik.

Maite Ortiz de Mendibilek ere parte hartuko du. 2005ean Andetxan jaiotako puntista emakumezkoen zesta-puntaren erreferenteetako bat da, eta urrian Argentinan jokatuko du Munduko Txapelketa.

Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena: https://guuk.com/zesta-punta-guuk-experience

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago