Arabako Auzitegiak berretsi egin du joan den azaroan epaitu zituzten abortuaren aurkako 21 ekintzaileren absoluzioa. Akusatuei koakzio delitua egotzi zieten, 2022an Gasteizko Askabide klinikaren aurrean elkarretaratzeak antolatzeagatik. Auzitegiak atzera bota du akusazio partikularrak Fiskaltzaren babesarekin aurkeztutako helegitea, eta Gasteizko Instantzia Auzitegiko Zigor Arloko epaileak aurrez emandako ebazpena berretsi du.
Lehen instantziako epaiaren arabera, akusatuek ez zuten indarkeriazko jarrerarik erakutsi eta ez zen frogatu ez ingurumeneko jazarpenik ez bestelako jazarpenik egon zenik. Arabako Auzitegiak bat egin du irizpide horrekin, eta ebatzi du frogatutako jardunak ez duela jazarpentzat jotzeko adinako larritasunik.
Fiskaltzaren arabera, gehienez bost laguneko taldeetan, errotsarioekin eta kartel txikiekin egindako eguneroko kontzentrazioek presioa eta intimidazioa eragin zuten klinikako langile eta pazienteengan. Defentsek, ordea, adierazi zuten ekintza horiek fedea adierazteko eskubide legitimoaren barruan kokatzen zirela. Bost hilabeteko kartzela zigorra eta klinikari 20.000 euroko kalte ordaina eskatzen zituen akusazioak.
2022ko irailaren 28tik azaroaren 7ra egin ziren epaiketan aztertutako elkarretaratzeak , "40 egun bizitzaren alde" mugimenduaren ekimenez. Epaiketan, klinikako arduradunek eta zenbait lekukok adierazi zuten kontzentrazioek intimidatuta sentiarazi zituztela; akusatuek, berriz, ukatu egin zuten inorri presio edo irainik egin izana, eta isilean edo ahots apalez otoitz egitera mugatu zirela azaldu zuten. Epaia ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu daiteke oraindik.