Gardelegiko sutean lanean jarraitzen dute suhiltzaileek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Ekainean ere beste sute bat piztu zen Gardelegin. Argazkia: ALEA

Sutea itzaltzeko lanak zailak izaten ari dira erretzen ari den materialarengatik eta hidranterik ez dagoelako gertu. 

Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute Gasteizko Gardelegiko zabortegian astelehen arratsaldean piztutako sutea itzaltzeko. Lana "zaila" izaten ari dela esan dute udal iturriek, eta suhiltzaileak bertaratu zirenetik, gau osoan zehar aritu dira lanean.

Zailtasun nagusietako bat da erretzen ari den materialak eragindako fokoak erresistentzia handia duela. Gainera, zabortegian ez dago hidranterik (ur hartunerik); ondorioz, suhiltzaileak ur gehiagoren bila joan behar dira behin eta berriz. 

Astelehen arratsaldean materia organikoa pilatzen den eremu batean hasi zen sutea.

Udalak adierazi du kea ez dela arriskutsua herritarrentzat. Gauean zehar hirian erre usaina nabaritu dela eta, azaldu dute prozesu hori nahiko normala dela tenperatura jaisten denean eta haize-aldaketak daudenean. Nolanahi ere, zabortegiko suteak sortutako kea ez dela arriskutsua azpimarratu dute udaleko arduradunek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago