Tranbia geldi, hilabeteko lanen ostean

Anakoz Amenabar

12:30ak aldera lortu dute zirkulazioa normalizatzea. Argazkia: ERLANTZ ANDA/ ALEA

Zerbitzua berreskuratu behar zen egunean hornidura arazoak izan dira, eta 12:30etik aurrera itzuli da normaltasuna.

Ustekabeko etenaldi bat izan da gaur goizean Gasteizko tranbian, hain justu, abuztuan egindako lanen ostean zerbitzua berreskuratu behar zuten egunean. Euskotrenek azaldu duenez, hornidura elektrikoaren arazo bat izan da, eta ondorioz Salburua eta Unibertsitateetako adarrak bertan behera geratu dira, eta tranbiek ezin izan dute ohiko bidea egin Legebiltzarra eta Angulema artean. 12:30ak aldera lortu dute tentsioa guztiz berrezartzea eta zirkulazioa normalizatzea.

Udako mozketa Araba Jenerala eta Independentzia kaleetan egiten ari diren urbanizazio lanen ondorioz gertatu da; esku hartze honi esker errepidea homogeneizatu dute, trenbide zatiak berritu dituzte eta 20 kutxatila inguru konpondu dituzte.

Behin tranbia berrezarrita, obrekin jarraituko dute errepide bazterretan. Izan ere, lanak espaloietan eta tranbia plataformaren eremuetan egingo dituzte orain, eta urte amaierara arte luzatuko dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago