indarkeria matxista

Bortxaketa bat salatu du emakumezko batek Zabalgana auzoan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: ALEA

41 urteko gizonezko bat atxilotu du ostiral honetan Poliziak sexu erasoa eta bortxaketa leporatuta.

Gizon batek bortxatu egin duela salatu du emakume batek Gasteizko Udaltzaingoaren komisarian. Gizonezkoak Zabalgana auzoko etxebizitza batean bortxatu duela salatu zuen emakumeak Poliziaren aurrean, ostiral honetan goizean. Biktima ospitalera eraman zuen Poliziak, salaketa jaso eta gero.

Salaketari esker abiatutako ikerketaren ondorioz, 41 urteko gizona atxilotu du Udaltzaingoak, eta bortxaketa eta sexu erasoa egotzi diote.

Tratu txarrak eta mehatxuak

Halaber, igandean goizean, 34 urteko beste gizonezko bat atxilotu dute Sansomendi auzoan, bikotekide ohiari tratu txarrak ematea eta arma zuriz mehatxatzea egotzita, baita Poliziari erresistentzia eta desobedientzia larria egitea ere.

Bikotekide ohia etxean giltzapetuta zuen atxilotutako gizonak, labana batekin mehatxatzen zuen, eta emakumeak komunean giltzapetu behar izan zuen, lagunei eta poliziari laguntza eskatzeko.

Gainera, poliziak etxebizitzara joan zirenean ez zien atea ireki nahi izan. Baina barruan oihuak entzuten ziren. Azkenean atea ireki zuen, baina poliziei aurre egin zien, oso oldarkor agertuz eta txakur bati erasotzeko aginduz.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago