Gerra frontetik harago: desplazamendua, gosea eta indarkeria

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Natalia Sancha fotokazetariaren 'Gerran ezereztuak' erakusketa paratu dute Gasteizko Etorbidean, irailaren 13ra arte.

Argazkiak: PHOT.OK

Zaharregia zen bortxatzeko eta pobreegia akabatzeko". Habba Halil oliba biltzailea da Mehin herrian, Siriako basamortuan. Bere esku urratuen argazkia paratu dute Gasteizen, beste hogeita bost bat irudirekin batera, Natalia Sancha fotokazetariaren Gerran ezereztuak izeneko kale erakusketan.

Inoiz ez zuen etxea utzi Halilek, nahiz eta indar matxinatuak lehendabizi, Estatu Islamikoa gero, eta azkenik, Siriako tropa erregularrak bere herrixkaz jabetu. Gerrak ezartzen duen hierarkiaren azken maila okupatzen du Halilek  beste milaka biktimak bezala.

"Gatazketan ere, hierarkiak daude biktimen artean", azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Errefuxiatuak daude: "Badaude errefuxiatu gisa euren herrialdetik ihes egiteko baliabideak dituztenak, Ekialde Hurbileko inguruko herrialdeetara joateko, edo, ahal izanez gero, Europara". Ondoren, horien "azpitik" daude desplazatuak, "ibilgailu bat eskuratu eta senideengana jo dezaketenak, herrialdean bertan leku seguruagoetan babesa bilatzeko". Eta mailarik baxuenean "ezereztuak" daude, inor ez direnak, "euren etxeak lubaki bihurtuta, bertatik atera ezinean geratu direnak".

Hedabideetan azken albistearen azken lerroaren azken letra okupatzen dutenen istorioak bilakatu dira protagonista egun batzuetan Gasteizko erdialdean; eta bertatik bertara igarotzen diren herritarren aurpegietako izu eta min keinuak dira irudi horietan jasotzen diren hamaika dramaren ispilu. "Inor ez direnak zenbaki huts dira kaltetuen balantze orokorrean. Biktimak? Heroiak? Beharbada, ez ditugu oroitu ere egingo, historiaren tolesetan ikusezin. Hemen, ikusgarritasuna emanez omendu nahi ditugu", aipatu dute Kazetaritza bertatik bertara jardunaldien hamabigarren edizioaren antolatzaileek.

Gerra baten erdian, zenbakiek pertsonak ezkutatzen dituzte. Hildakoak, desplazatuak, errefuxiatuak edo zaurituak estatistika bihurtzen dira. Baina Sancharen argazkiek eta testuek beste kontakizun bat osatzen dute: gerraren kalteak beren gorputzetan eta bizitzetan daramatzaten pertsonen istorioa.

Siriatik Yemenera, Libanotik Irakeraino, haien istorioek erakusten dute gerra ez dela soilik tiro eta bonbardaketen kontakizuna. Gehienak ez dira frontean agertzen. Ez dute armekin zerikusirik, edo armak eskuetan hartzera behartu ditu pobreziak, beldurrak edo ihes egiteko ezintasunak.

Siriako gerraren kontakizuna abiatu daiteke 113 urte dituen emakume baten iruditik. Hamade Fares du izena eta Libanoko ekialdeko errefuxiatuen esparru batera iritsi zen 2014an, gerratik ihesi. Bere bizitzan ikusi ditu Otomandar Inperioaren erorketa, britainiarren agintaldia, Siriaren independentzia, Libanoren eta Siriaren arteko mugaren sorrera, eta hainbat estatu kolpe. Baina Siriako gerrak, 2011n hasi eta 2024ra arte iraun zuenak, sufrimendu berezia ekarri zion: gor eta itsu geratu zen eta inoizko gosete gogorrena ezagutu zuen orduan.

"ISISen seme-alabak"

Adinekoak dira gatazka armatuen biktima zaurgarrienetakoak, eta haiekin batera ere haurrak dira babesgabeenak. Umeak eta gerra modu lazgarrian nola korapilatzen diren erakusten du Sancharen erakusketak. Siriako ipar ekialdeko ospitale kurdu baten istorioa jasotzen du, besteak beste. Estatu Islamikoko borrokalarien 75 seme-alaba bizirik irauteko borrokan zeuden ospitale horretan 2019an. Baguzeko oasian jaio ziren, Estatu Islamikoaren kalifaldiaren azken garaian, Nazioarteko Koalizioak eta milizia kurduek ingurua setiatu eta bonbardatu zutenean.

Haurrak planetaren lau ertzetatik iritsitako borrokalarien seme-alabak ziren. Ez zituen inork nahi: ez kurduek, ez haien jatorrizko herrialdeek. Sancharen argazkiak izan zuen zabalkundeari esker, ordea, Patricio Gonzalez txiletarrak zazpi biloba aurkitu eta aberriratu ahal izan zituen.

Gerrak beste haur batzuk armadara bultzatzen ditu. Haur soldaduen errealitatea 2015ean Yemenen, militarren kamioi batean, egindako argazki batean irudikatu du fotokazetariak. Sirian, Iraken eta Yemenen gero eta adingabe gehiago errekrutatzen dituzte familiak pobretu ahala, gerrak luzatu eta fronteetan gizonak falta direnean. Sarritan familia batzuek seme bat milizietan sartzea erabakitzen dute beste seme-alabak etxean hazi ahal izateko. Hilero 20 euro inguruko soldata jasotzen dute haurrek.

Emakumeen aurkako gerra

Emakumeen aurkako egiturazko indarkeria areagotu egin du gerrak eta indarkeria matxistaren kasuak ugaritu egin dira gatazka armatu guztietan. Nadak, Siriako 40 bat urteko erizain ohiak, senarraren eskutik bizi izan zuen muturreko indarkeria. Etxeko sukaldean kateatuta abandonatu zuen senarrak, bonbardaketen erdian, bi alabekin batera, ondasun guztiak hartu eta Turkiara ihes egin aurretik.

Nadaren istorioak gerrak uzten duen zauri bikoitza erakusten du, gainera. Izan ere Homs hiriko Ibn Jaldun ospitale psikiatrikoan tratatzen ari ziren Nada argazkia egin zenean. Ospitale psikiatrikoan zeuden pertsonen erdiak gaixotasun mentalak zituzten, eta beste erdiari gerrak zentzutasuna lapurtu zien.

Zaura deituko diogun 27 urteko emakume arabiar batek, berriz, gerraren barruan aurkitu zuen ihes egiteko aukera. Aitak 14 urterekin eskolatik atera zuen eta adina bikoizten zion gizon batekin ezkonarazi zuen. Senarrak urtetan bortxatu eta tratu txarrak eman zizkion. Ihes egiten saiatzen zen bakoitzean, gurasoek eta nebek senarrarengana itzultzen zuten.

Gerra hasi zenean, ordea, "itxaropen" ate bat ireki zitzaion. Siriako ipar ekialdean Kurdistango Emakumeen Babes Unitateen, YPJren, talde arabiar-kurdu batean sartu zen. "Borrokan ari naiz, Sirian emakume batek ere ez dezan gauza bera jasan behar izan", zioen. Baina askatasunak ere prezioa izan zuen: semea senarrarekin utzi behar izan zuen.

Beste modu batean egin die aurre Lamiak gerrari eta patriarkatuari, manikuraren bitartez hain zuzen. Gasteiz Etorbidean dagoen argazki batean bi esku agertzen dira. Ezkerreko eskua eskularruarekin ezkutatzen du Lamiak, azazkalak esmaltearekin apaindu dituelako. Manikurak gogorarazten dizkio lehengo bizitza eta askatasuna. Eskubiko eskuak, aldiz, gerraren errealitatea islatzen du: sukaldean egindako erredurek eta etxeko lanek belztutako azazkalak. Yemenen 2015ean gerra hasi zenetik areagotuz joan ziren kontserbadurismoari eta patriarkatuari aurre egiteko modua da manikura, emakumeak gatazkaren zuzeneko biktima bihurtu baitira.

Siriatik Libanora, Yemenera, Irakera eta Palestinara doan kontakizun grafikoan, gatazken biktimak ez dira soilik bonbek edo tiroek hildakoak. Yarmouken, Damaskoren hegoaldeko periferian, gosea arma bihurtu zuten palestinarren aurka. 800.000 biztanle bizi ziren palestinarren auzo horretan eta gerra iritsi zenean 20.000 pobreenak ez ziren frontetik ihes egiteko gai izan. Urtebete baino gehiagoz setioan harrapatuta geratu ziren, Estatu Islamikoko tropen eta Baxar al-Assaden soldaduen tiro gurutzatuen artean.

Gutxienez 128 lagun gosez hil ziren bertan. Bizirik irauteko, katuak, arratoiak eta belar egosiak jan zituzten. Gobernuz Kanpoko Erakundeek su-eten bat lortu zuten janaria banatu ahal izateko, baina erasoak ez ziren gelditu eta frankotiratzaileek janaria banatzen ari ziren hainbat boluntario hil zituzten. Emakumeak izarak zintzilikatu zituzten eraikinetatik boluntarioak eta janaria jasotzen ari ziren bizilagunak babesteko.

Argazki bakoitzak une bat harrapatzen du eta testuek harago eramaten dute begirada: gerrak suntsitutako etxeetara, hutsik geratutako sehasketara, errefuxiatuen kanpamentuetara, ospitaleetako korridoreetara... Guztiek hari bera dute: gerraren historiak fronteetan idazten diren arren, ondoriorik gogorrenak fronteetatik urrunen daudenek ordaintzen dituzte askotan. Gehienetan, arma bat inoiz hartu ez dutenek, gehienetan ihes egiteko baliabiderik ez dutenek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago