Taxien guardien dekretua bertan behera geratu da behin-behinean

Anakoz Amenabar

Behin-behinean bertan behera geratu da dekretua. Argazkia: E. ANDA / ALEA

Gasteizko Udalaren akats baten ondorioz, bertan behera geratu dira asteburuko derrigorrezko txandak. 

Gasteizko taxisten guardiak arautzen dituen dekretua bertan behera geratu da behin-behinean, administrazio akats baten ondorioz. Araudiaren aurka errekurtsoa jarri zuen Celedon kooperatibak uztailaren 31n, eta eteteko eskatu; udalak hilabeteko epea zuen eskaerari erantzuteko, baina jakinarazpenik egin ez zuenez, dekretua aldi baterako baliorik gabe geratu da, eta taxistek ez dute guardiak egiteko legezko betebeharrik izango.

Administrazio akatsaz gain, 65 taxilarik zaintza dekretuaren aurkako errekurtsoa aurkeztu dute Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Kautelazko neurri moduan dekretua bertan behera uztea eskatu dute, eta epaileak txosten tekniko eta juridikoa eskatu dio dagoeneko udalari. Epailearen ebazpenak finkatuko du neurri horrek indarrean jarraituko duen auzia aztertu bitartean.

Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen sailak, bere aldetik, adierazi du hiriak behar duen kalitatezko zerbitzua bermatzeko konpromisoei eutsiko diela. Horretarako, 20 lizentzia berri sortzeko prozesuarekin aurrera jarraituko dute, abenduan kopuru hori nahikoa den ala handitu behar den aztertzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago