Gasteizko Udalak 732 plaza eskainiko ditu euskara ikasteko ikastaroetan

Anakoz Amenabar

Imanol Miranda, Maria Nanclares eta Iñaki Gurtubai. Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

Guraso, adineko, atzerritar eta merkatarientzako euskara ikastaroak antolatu ditu.

Euskara arnasgune bihurtu lelopean, ikasturte honetan euskara ikasteko dagoen eskaintza aurkeztu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundia. Maria Nanclares Euskara zinegotzia, Iñaki Gurtubai Euskara diputatua eta Imanol Miranda euskaltegien ordezkari zein IKAko zuzendaria izan dira aurkezpenean, Izaskun Arrue Kulturgunean. Nanclaresek azpimarratu duenez, azken 45 urteotan hiriko euskaldunen ehunekoa hamar aldiz biderkatu da, %3,5etik %30 ingurura igarota, eta bide horretan aurrera egiteko eta euskara herritarren egunerokoan txertatzeko konpromisoa berretsi du.

Ikasturte berrirako, Gasteizko Udalak 732 plaza eskainiko ditu lau profil nagusiri zuzenduta: gurasoak, 55 urtetik gorakoak, jatorri atzerritarra dutenak eta merkataritzako zein ostalaritzako langileak. Euskaltegiek emango dituzte eskolak hiriburuko hainbat gunetan; hala nola gizarte etxeetan, Bizan sarean, Montehermoso kulturunean eta zenbait ikastetxetan, pertsona bakoitzaren ingurunera egokituz eta kontziliazioa errazten duten ordutegiekin. Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek herritarren arretarako bulegoetan egin ahal izango dute matrikula irailaren 7tik 16ra birtarte.

Prestakuntza eskaintzaz gain, euskara ikastea sustatzeko babes ekonomikoa ere indartu dute erakundeek. Alde batetik, udalak 150.000 euroko kontu saila bideratu du helburu horretara, eta dagoeneko 564 eskaera jaso ditu. Bestetik, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu HABEk homologatutako lurraldeko euskaltegietako matrikularen prezioa murrizteko. Eskaintzen diren dirulaguntzak 60 eta 330 euro artekoak izango dira, eta izapideak errazteko asmoz, eskaera matrikularekin batera egingo da, euskaltegiak deskontua zuzenean aplikatuz. Dirulaguntza hauek eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da.

Eskolak euskaltegiek emango dituzte hiriburuko hainbat gunetan. Argazkia. EKAITZ ANDA / ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago