indarkeria matxista

Emakume bat eta gizon bat atxilotu dituzte Gasteizen 18 urteko neska bat prostituziora bultzatzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko irailaren 2a

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa. Argazkia: ALEA

Indarkeria egoera hasi zenean biktima oraindik adingabea zen. Ertzaintzaren arabera, atxilotuek zenbaitetan atxiki dute neska bere borondatearen aurka.

Ertzaintzak 33 urteko emakume bat eta 54 urteko gizon bat atxilotu ditu Gasteizen, 18 urteko neska bat prostituziora bultzatzeagatik eta derrigortzeagatik. Bortxazko prostituzioa eta genero indarkeria leporatu diete atxilotuei. Gaur geratu dira epailearen esku.

Biktima gizonezkoaren bikotekidea da eta egoera hasi zen unean oraindik adingabea zen. Poliziaren arabera, atxilotuek zenbaitetan atxiki dute neska haren borondatearen aurka. Atxiloketa igandean egin zuten. 18 urteko neska baten senide batek hura desagertu izana salatu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu, eta biktimarekin harremanetan jartzea lortu zuen. Baieztatu zuen azken egunetan haren bikotekideak etxebizitza batean atxikita eta inkomunikatuta izan duela.

Jakin ahal izan denez, gaztea joan den urtean iritsi zen Gasteizera Hego Amerikako herrialde batetik, oraindik ere adin txikikoa zela. Emakume batek, hiri horretako pisu batera eraman eta prostituzioan aritzera behartu zuen, berarekin zuen zorra kitatze aldera, Ondoren, bere egungo bikotekidea ezagutu zuen, eta horrek ere antzeko egoeran jardutera derrigortu zuen.

Poliziak 33 urteko emakumea atxilotu du, adingabeen prostituzioaren eta bortxazko prostituzioaren ustezko delitua egotzita. 54 urteko gizona ere, genero indarkeriaren aurrekariak dituena, atxilotu dute bortxazko prostituzioaren, legez kanpoko atxiloketaren eta genero indarkeriarekin lotutako hertsapenen delituak egotzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago