Bi deialdi kontrajarri Gasteizen Ceutako gertakarien harira

Jon Hidalgo 2026ko irailaren 1a

Plaza Berria Munduko Futbol Txapelketaren finalean. Argazkia: PP.

Ceutari babesa adierazteko elkarretaratzea deitu du PPk asteazken honetan, 20:00etan, Plaza Berrian. Herri mugimenduko hainbat eragilek mobilizazioari aurre egitera deitu dute, leku eta ordu berean, "Faxismoari eta arrazakeriari arnasik ez!" lelopean.

Asteazken iluntzean bi deialdi elkartuko dira Gasteizko Plaza Berrian, Ceutan azken hilabeteetan izandako gertakariei erantzuteko. Batetik, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak egindako deialdia, Gasteizen PPk babestu duena, "Ceuta eta ceutarrekin elkartasunez". Bestetik, Ceutako gertakarien harira eman diren eraso eta mezu arrazistak gaitzestera deitzen duten kartelak agertu dira. Sinatu gabe dago bigarren deialdia, baina herri mugimenduko hainbat eragilek zabaldu dute mezua. Biek ala biek deitu dute 20:00etan elkartzera udaletxearen aurrean.

Asteazken arratsean estatuko udaletxe guztietan elkartzeko deia egin du Udalerri eta Probintzien Federazioak (FEMP), eta PPk bat egin du deialdiarekin. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan zabaldu dute deialdia, baita herri batzuetan ere, Getxon edo Tuteran, esaterako. Vox alderdi ultraeskuindarrak ere babestu ditu deialdiok.

Elkarretaratzeko deiok ikusita, Euskal Herriko hainbat eragilek kaleak hartzera deitu dute, "Ez nahasi etsaiz! Faxismoari eta arrazakeriari arnasik ez!" lelopean. Deialdian salatu dute migranteak ez direla arazoa, eta Marokoko estatuak "arma geopolitiko gisa" erabili dituela. Horren aurrean, gaitzetsi dute "faxistek" egoera probestu nahi izana "ideia arrazistak zabaltzeko". Migratzaileen aurkako erasoak ere gaitzetsi dituzte, asteotan migratzaileen kanpalekuei su eman zaiela deitoratuz, edota janari banaketak blokeatu direla salatuz.

Polizia adi

Bi deialdiak elkartuta istiluak izateko arriskua aipatu dute agintariek egunotan. Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuak jakinarazi du Ertzaintzak dispositibo bereziak indarrean izango dituela asteazkenean, "denon manifestaziorako eskubidea errespetatu dadin". Sailburuak adierazi du espero duela denok ahal izatea "gure iritzia adierazi, gehiagora heldu gabe". 

Jerez de la Fronterako alkatea da FEMP-eko burua, PPko Maria Jose Garcia-Pelayo, eta bere alderdia izan da deialdiak gehien zabaldu dituena. Gasteizko PPko bozeramaileak, Iñaki Garcia Calvok, Etxebarria alkatearen aurka egin du, salatuz Gasteizko Udalak deialdia babestu ez izana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago