Telebista eta ikus-entzunezkoen topagune berria izango da Arkabia

Anakoz Amenabar 2026ko abuztuaren 31

Kontsumo ohitura aldaketen inguruan arituko dira 'El giro vertical' topaketan. Argazkia: RAINDANCE

Estreinaldiak, umorea eta narratiba berriak bilduko ditu, Festval jaialdiaren barruan, irailaren 7tik 11ra.

Telebista aldatu eta formatu berrietara egokitzen ari den garai honetan, Festval-Arkabia jaio da, ikus-entzunezkoen industria eta ikusleak elkartzeko espazio berria. Festval telebista jaialdiaren 18. edizioaren barruan, irailaren 7tik 11ra bitartean egingo dute topaketa Arkabia kulturgune berrian.

Bost eguneko ziklo honek entretenimendua, umorea, kazetaritza eta ikus-entzunezko narratiba berriak uztartuko ditu, profesional nahiz zaleak elkartuta. Irailaren 7an abiatuko da egitaraua La Séptima Espainiako LTD telebista kate berriaren aurkezpenarekin; arduradunek katearen gakoak eta edukien proposamena azalduko dituzte telebista panorama berri honen aurrean.

Umoreak leku nabarmena izango du hurrengo bi saioetan. Asteartean, irailaren 8an, Diego Arjona komikoak Me veo en Wallapop inprobisazio ikuskizuna aurkeztuko du publikoarekin konplizitatea bilatuz. Asteazkenean, berriz, Xavier Deltellek eta Joseba Fiestras Festvaleko zuzendariak 18 años haciendo la calle saioa eskainiko dute; bertan, jaialdiaren hemezortzi urteko pasadizoak eta Deltellek urte hauetan guztietan Gasteizko kaleetan grabatutako bideo dibertigarriak berreskuratuko dituzte.

Teknologia berriek eta kontsumo ohituren aldaketek ere izango dute beren tartea. Ostegunean, irailaren 10ean, El giro vertical; la televisión que cabe en la palma de la mano topaketa egingo dute, mugikorren garaiak eta TikTok, Reels zein Shorts bezalako formatu bertikalek ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta hedapenean eragindako iraultza aztertzeko.

Zikloari amaiera emateko, ostiralean, irailaren 11n, Jon Sistiaga kazetaria izango da protagonista nagusia En primera persona solasaldian. Gatazka armatuetan eta nazioarteko erreportajeetan ibilbide luzea duen kazetariak bere esperientziak partekatuko ditu eta informazio abiaduraren garai honetan errealitatea kontatzeak dakarren erronkari buruzko hausnarketa egingo du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago