Scratxe Gauak hogeigarren edizioa ospatuko du

Anakoz Amenabar 2026ko abuztuaren 28a

Thierno Ibrahimaren Mug'ari pieza. Argazkia: T. IBRAHIMA

Lau eguneko egitarauak pieza laburrak, estreinaldiak eta sormen laborategiak bilduko ditu Baratza aretoan eta Artiumen.

Scratxe Gauak hogeigarren edizioa ospatuko du datorren irailaren 17tik 20ra bitartean, lau eguneko programazio zabal batekin Gasteizko Baratza aretoan eta Artiumen. Hasieratik, ekitaldi honen helburu nagusia artista gazteei beren lehen urrats profesionaletan jatorrizko lan eszenikoak sustatzeko espazio bat eskaintzea izan da, sorkuntza eta erakusketa lotzen dituen kultura sarea josten laguntzeko asmoz.

Ekimenaren muina sorkuntza prozesuak modurik gordin eta kitzikagarrienean erakustea da, antolatzaileek azaldu dutenez, gehienez 20 minutuko pieza laburren bidez, publikoa prozesuaren parte bihurtuz; dantza, antzerkia edo performancea izan daiteke. Programazioa irailaren 17an, ostegunean, hasiko da Artiumen, 17:00etan, berrikuntza batekin: Lara Brownek eta Amalia Rodriguezek emandako Los Trabajos del Amor tailerra. Ostiralean, irailaren 18an, 20:00etan, Baratza aretoak iazko pieza baten bertsio luzearen estreinaldia hartuko du: Candela Garazik, Scratxe Egoitza lortu ondoren, Pensé por un segundo aurkeztuko du Marta Lorenzana, Mar de Dios, Izar Okariz eta Naiara Otaegirekin batera.

Irailaren 19an, larunbata, 19:00etan, Scratxe Gauaren egun handia ospatuko dute Baratza aretoan, deialdi irekian hautatutako bost piezarekin. Erakustaldiaren ondoren, artisten eta ikusleen arteko solasaldia egingo dute. Blau Pique Boschek (Barjaula Travesti) Fantasía King de las 5:30 am hitzaldi performatikoa eskainiko du; Haciendo el amor bajo sus sombras, gorputzen arteko samurtasuna; Garua konpainiaren El amarre del sapo umorezko proposamena; Lur & Maruren We're all fish haurtzaroko ametsei egindako omenaldia; eta Thierno Ibrahimaren Mug'ari pieza, botere egiturak aztertzen dituen lana.

Programazioari amaiera emateko, igandean, irailaren 20an, 10:00etan, Artiumek Gesto Leer laborategia egingo dute Idoia Zabaletaren eskutik. Lau orduko lan saio honetan, artistak eta partaideek sormen prozesuetan sakonduko dute, publikoari irekitako saio batean. Jarduera honen bidez sormen lana ikusarazi eta eszena sorkuntza garaikidearen ertzak herritarrengana hurbildu nahi dituzte. Sarrerak eskuragarri daude jada salabaratza.com webgunean. Lara Brownen tailerra eta Idoia Zabaletaren laborategia doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da scratxe@gmail.com helbidera mezu bat idatziz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago