El Gran Wyoming El Intermedio saioko aurkezleak eta Pepa Bueno TVEko Telediario 2ko zuzendari eta aurkezleak 2026ko Joan Ramon Mainat saria jasoko dute Festval telebista jaialdian. Antolakuntzak bi profesionalen ibilbide luze eta arrakastatsua nabarmendu du, eta Espainiako ikus-entzunezkoen alorrean ezinbesteko erreferente bilakatu direla azpimarratu.
Jose Miguel Monzon El Gran Wyoming umoregile, aktore eta aurkezleak Espainiako telebistan "satira politikoan egindako lan bikainagatik" jasoko du Joan Ramon Mainat saria. Caiga quien caiga saioarekin ospetsu egin ondoren, 2006tik El Intermedio aurkezten du laSexta katean, eta 2025-2026 denboraldian hogei urte bete ditu bertan, "umore politikoaren ahots eraginkorrenetako bat dela erakutsiz".
Bestalde, Pepa Bueno kazetariaren hiru hamarkada baino gehiagoko lan ibilbidea sarituko dute, irratian, prentsa idatzian nahiz telebistan egindako lanagatik. RNE eta Cadena SER irratietan zein El País egunkariko zuzendaritzan aritzeaz gain, 2025eko irailean TVEko Telediario 2 saiora itzuli zen informatiboen buru izateko.
Joan Ramon Mainat Saria urtero ematen da 2009az geroztik, kazetari eta telebista ekoizle katalanaren oroimenez. Eta beste zenbait sari ere banatuko ditu aurten jaialdiak; besteak beste, Iker Jimenez, Marc Giro, Sofia Otero, Cristina Pardo eta Jesus Cintora sarituko ditu Festvalek irailaren 12an, Europa jauregian, ospatuko duten galan.