Irailaren 15erako martxan jarri behar zen Egoiliarren Lehentasuneko Eremua (ELE) bertan behera utzi du Gasteizko Udalak. Emisio Gutxiko Eremuaren ezartzearekin nahiko buruhauste izan dituzte herritarrek eta txosten tekniko batean oinarrituta erabaki du udal gobernuak arautegi berria ez ezartzea.
Trafiko Zerbitzuko teknikarien arabera egungo egoeran, ELEa abian jartzea ez da beharrezkoa lortu nahi diren ingurumenarekin eta trafikoarekin ezarritako helburuak lortzeko, eta konplexutasun tekniko, administratibo eta soziala ekarriko luke.
Emisio Gutxiko Eremuak ezarritako murrizketez harago beste iragazki bat bezala planteatu zuten ELEa. Kasu horretan, gidaria inguruan bizi den edo baimen espezifiko bat duen, horren araberakoa izango zen sarbidea. Beraz, ingurumen etiketa duen auto batek ere debekatuta izango zuen sarrera, jabea auzoan bertan bizi ez bada.
Gasteizen, neurri hori Alde Zaharrari lotuta zegoen bereziki. Horren ezarpena udal Gobernuak eta EH Bilduk ordenantzaren tramitazioan lortutako akordioaren parte zen, eta orain bertan behera utzi dute.
Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak azaldu duenez, azken hilabeteetan egindako azterketa prozesu baten ondorio da erabakia. "Gure ustez, Emisio Gutxiko Eremuak funtzionatzen urtebete eskas zeraman eremu baten gainean erregulazio berri bat gehitzeak konplexutasun handia sor zezakeen, eta, horregatik, erabaki bat hartu aurretik, aldeei entzun nahi izan diegu, eta analisi tekniko zorrotz batean oinarritu", esan du.