Jaiak eta M3moria izeneko ekimenaren barruan, sarraskiaren 50. urteurrenean, Martxoak 3 elkarteak, Blusen eta Nesken Batzordeak eta Blusen Elkarteen Federazioak omenaldia egin dute gaur arratsaldean Gasteizko Katedral berriaren aurrean.
Martxoak 3ko biktimei eta ondorengo errepresioa jasan zutenei egin dioten omenaldiaz gain, sarraskiaren urtean Zeledon izateari uko egin zion Jose Luis Isasi gogoan izan dute ere, "Gasteizko gizartearen nahiarekin lerrokatu" zelako, orain pertsonaia gorpuzten duen Iñaki Kerejazuren hitzetan. Biziki hunkituta, "abuztuaren 4an baino urduriago" azaldu da Kerejazu katedralaren aurrean bildutako jendetzaren aurrean. Aurreskuaz gain, Martxoak 3 elkarteak gertakari horiek gogoan mantentzeko atera duen zapi beltza jarri diete biktimen senideen ordezkariei.