30 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak, Plaza Berriko kontzertu batean sexu eraso delitu bat egotzita. Ordu txikietan jazo da erasoa, 02:30 inguruan, andre bat ahalegindu denean hainbat pertsona gogaitzen ari zen gizonezko bat ingurutik kanporatzen. Udaltzaingoak esan duenez, gizonak lepoan jo dio emakumeari, eta genitaletatik heldu dio.
Orotara, abuztuaren 4tik beste sei pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, Udaltzaingoak gaur ezagutzera eman duenez. Astearte goizean, 51 urteko gizonezko bat atxilotu dute Zaramagan, etxeko indarkeriaren esparruan lesioak eragitea eta bortxa egitea egotzita. Udaltzainak ez du biktimaren inguruko xehetasunik eman.
Bestalde, atzo goizaldean, 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute Mendizabala kaleko autokarabana batean indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita, bertara sartzen harrapatu dutenean. Egun beran, 09:00 aldera, 30 urteko gizon bat atxilotu zuten, Lovaina plazan, bi gizonen arteko liskar batean lesio delitu bat egitea egotzita. Ondoren, 10:30 inguruan, Arriagako atean, 43 urteko gizonezko bat atxilotu dute indarkeria erabiliz beste gizon bati urrezko kate bat lapurtzeagatik. 23:00 aldera, 27 urteko gizon bat atxilotu dute Errioxa kalean, bizikleta elektriko bat ebasteagatik.
Azkenik, gaur gauerdian, 22 urteko gazte bat ere atxilotu dute Serafin Ajuria kalean, hiru pertsonen arteko liskar baten testuinguruan, indarkeriaz beste lagun bati urrezko lepoko bat lapurtzea egotzita.