Maddalen Arzallus eta Iñaki Viñasprek hartu dute jaietako lehen bertso saioa gorpuzteko ardura, Aihotz plazan. Ikuskizunetako teknikarien grebari buruzko pegatinak soinean zituztela igo dira oholtzara bi bertsolariak eta Oier Suarez gai jartzailea, eta zain egon dira hasieran, oholtza parean grebalariak beraiek egon direlako bilduta, haien aldarriak jendeari helarazten.
Teknikarien omenez bota dute biek lehen agurra, eta mikrofonorik gabe ere kantatu dute tarte batez, ikusarazi nahian ikuskizunetako teknikarien lana.
Datozen egunetan ere, jaiak amaitu artean, egunero izango da bertsoez gozatzeko aukera Aihotz plazako oholtzan, 13:00etan. Arabako zein Euskal Herriko bertsolari ugari pasako dira egunotan Gasteiztik.