Aurten, hamahirugarrenez, GEU elkarteak txosna jarri du Aihotz plazan. Urteroko ohiturari eutsiz, euskaltzaletasunaren erdigunea izango da gunea, eta Gasteizko jaietan euskara eta euskal kulturari eskainitako egitarau oparoa izango dute bertan. Ekaitzetatik ihesi... portuak ospatu leloa hautatu dute elkartearen asmoak ikusarazteko.
GEU Txosna irekitzearekin batera, aurtengo GEU saria banatu dute elkarteko kideek. Gasteizko Txosna Batzordeari eman diote aurtengo saria. "Urtez urte euskararen alde egin duten lanaren aitortza gisa" egin diote aitortza batzordeari, aurten ere euskarak tokia izango duelako Arabako campuseko Txosnagunean.
Jaiari hasiera emanda, Atrikipunk taldeak bete du oholtza, gaueko emanaldi nagusian. Jaietan zehar beste proposamen batzuk ere izango dira Aihotz plazan. GEUren eskutik, abuztuaren 6an, 19:00etan, Igandeak Jai formulako familia ikuskizuna eskainiko dute: Baserriko Porrusalda, Bapatean Zirko konpainiaren eskutik.
Olaia Inziarte, PI L.T. eta Sua taldeak ere igaroko dira Aihotz plazako oholtzatik jaietako iluntzeetan. Bestalde, jaiak amaitzen diren arte euskal musika eta bertsoak izango dira eguerdiro Aihotz plazan, 12:00etan eta 13:00etan hasita, hurrenez hurren.