Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaien atarian, Mugimendu Feministak eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu du gaur Txosnagunean, Txosna Batzordeko beste eragileekin batera elkarlanean landu dutena urte osoan zehar. Jai eremuak seguruagoak, anitzagoak eta guztiontzat gozagarriak izatea helburu du protokoloak eta, antolatzaileen esanetan, urteetako esperientzia eta hausnarketa kolektiboaren emaitza da, ez soilik eraso bat gertatzen denean aktibatzen den mekanismo bat.
Azaldu dutenez, protokoloak ikuspegi pedagogikoa, prebentiboa eta erantzunezkoa uztartzen ditu, autodefentsa transfeminista eta komunitatearen zaintza erdigunean jarriz. Horrela, gerta daitekeen egoera bakoitza bere testuinguruan aztertuko da, erasoa jasan duen pertsonaren borondatea, beharrak eta ongizatea lehenetsita. Era berean, nabarmendu dute erantzun automatikoak baztertuko direla eta gatazkak deseskalatzeko irizpideak lehenetsiko direla.
Gizonen erantzukizuna ere nabarmendu dute feministek. Prentsaurrekoan azpimarratu dute jaietako segurtasuna eta elkarzaintza ez direla kolektibo feministen edo sexu-genero disidenteen ardura bakarrik. Horregatik, gizonei dei berezia egin diete konpromisoa har dezaten euren inguruko jarrera matxistak identifikatu eta geldiarazteko. Antolatzaileen ustez, erasotzaileak ez dira kasu isolatuak, eta indarkeria matxistaren prebentzioa zein erantzuna komunitate osoaren ardura dira.
Telefonoa martxan 24 orduz
Protokoloaren baitan, abuztuaren 4tik 9ra 24 orduz martxan egongo den arreta telefonoa ere aktibatuko da: 747 41 48 34. Zenbaki horren bidez laguntza eskatu, protokoloa aktibatu eta babesa jasotzeko aukera izango dute eraso matxista, sexista edo LGTBI+fobikoa pairatu duten edo halakorik ikusi duten pertsonek.
Bestalde, Mugimendu Feministak ohartarazi du ez dela isilik geratuko erasoen aurrean. Egoeraren balorazioa eginda, eta erasoa jasan duenaren borondatea errespetatuta, beharrezkoa denean mobilizazioak deituko dituztela eta txosnaguneko programazioa bertan behera utziko dutela iragarri dute. Halaber, ostalariei, tabernei, elkarteei eta jaietako gainerako antolatzaileei eskatu diete salaketa kolektiboarekin bat egin eta euren jarduerak eteteko, hiri mailako erantzun bateratua emateko.