Prekarietaterik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte ikuskizunetako teknikariek, Loma Jeneralaren plazan egindako agerraldian. Hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira ekitaldi eta ikuskizunetako teknikariak, eta abuztuaren 5erako greba deitua dute Araba osoan, Gasteizko jaietako egun nagusian. Beste greba egun bana egingo dute Donostia eta Bilboko jaietan.
Teknikariek azaldu dutenez, bi urte eta erdiren ondoren "blokeatuta" dago negoziazioa, EUKI patronalaren "erabateko pasibotasunagatik eta negoziatzeko borondate ezagatik". Urteak daramate salatzen haien sektorea "erabat desregularizatua" dagoela, eta ohikoa dela langileen lan eskubideak urratzea.
"Gure sektorean ohikoak dira prekarietatea, behin-behinekotasuna, legez ezarritako atsedenik gabeko lanaldi amaigabeak, jaiegun-plusik gabe, gau-plusik gabe, bizitza pertsonalarekin uztartzeko aukerarik gabe eta beti enpresen eskura". Lan ikuskaritzak asteotan ebatzi du teknikariek salatutako egoera batzuetan eskubide urraketak eman zirela.
Enpresak eta udala erantzule
ABS-Fluge Euskadi S.L., ABS Iluminacion S.L. eta Audiomic Producciones S.L. enpresak zuzenean seinalatu dituzte grebalariek, haiek emango dutelako zerbitzua Foru, Aihotz eta Probintzia plazetan, Gasteizko Udalak kontratatuta. Azaldu dutenez enpresa hauek dira salatzen ari diren "prekarietate egoeraren erantzuleak".
Udalaren erantzukizuna ere salatu nahi izan dute, kontratuak esleitzeaz gain langileentzako bermeak jarri beharko lituzkeelakoan. Zuzenean edo dirulaguntza publikoen bidez, erakundeak dira ekitaldien sustatzaile nagusiak eta, salatu dutenez, "ez dute inolako kontrolik egiten ekitaldi horiek posible egiten dituzten langileen lan-baldintzetan".
TEKNIKARIOK, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek eskerrak eman dizkiete Gasteizko Txosna Batzordeari eta GKS eta Etxebizitza Sindikatuari grebarekin bat egiteagatik, eta haien egitaraua bertan behera uzteagatik abuztuaren 5ean.