Ilustrazioa hobby bat izaten hasi eta presentzia gehiago hartu du Baskaranen bizitzan.
Zer moduzko esperientzia izan da jaietako kartela egitea?
Pasada bat. Jada urte batzuk neramatzan esaten nahi nuela nire hirirako kartel bat egin. Aurkeztu nintzen inauterietako lehiaketara, ez nintzen finalista izan, eta Gasteizko jaienean saiatu nintzen. Hemen finalista izatea bakarrik jada pasada bat izan zen, ba irabaztea… pasada bat, imajinatu.
Aurtengo kartela bada zure estiloaren erakusle, ezta?
Bai, saiatu naiz nire estiloa mantentzen. Noski, dosierra aurkezten duzunean bidaltzen dituzu zure bost irudi, eta hautatua bazara saiatu behar zara hori gehienbat mantentzen, ezin zara asko irten. Hori oinarritzat hartuta argi neukan landareak edo loreak sartu behar nituela, eta kolore biziak ere bai. Hortik aurrera nahiko erraza izan zen eszena hori sortzea.
Askotan agertzen dira loreak, emakumeak eta kolore asko. Nola definitzen duzu zure estiloa?
Estilo bat nahiko narratiboa, hau da, ez da abstraktua. Beti eszena politak marrazten ditut eta egia da beti sartzen ditudala nahi gabe loreak, landareak eta emakumeak gehienbat.
Gustu kontua da edo erabaki kontziente bat?
Hasieran irten zen apur bat nahitaez. Landareak eta loreak nire bizitzan oso presente egon dira beti, etxean amarekin eta abar. Orduan, alde horretatik naturalki sartu izan ditut. Eta gero emakumeena ere, azken finean nire inguruan emakume asko ditut, eta inspirazioa ere badira niretzat, nahiko naturala da sartzea. Ez naiz ixten beste gauza batzuk marraztera, baina naturalki irteten zait hau.
Mexikon eman zenuen denbora, sumatzen duzu horren eragina?
Bai. Egin nuen Erasmusa Mexikon eta gero handik bi urtetara joan nintzen Txilera dokumental bat grabatzen, eta gero Kubara bidaia bat nire lagunekin... Egia da hiru leku horietan, Latinoamerikan, kolore bizi horiek asko eramaten direla. Agian nahigabe, baina nik ere ilustrazioetan sartu izan ditut, naturalki, pentsatu gabe, baina irten egin zait. Seguruenik hortik datoz ere erreferentziak, bai.
Baina zuk ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zenuen.
Bai, Mondragon Unibertsitatean, Aretxabaletako campusean. Eta ilustrazioarena izan zen apur bat hobbya, txikitatik marraztu izan dut gurasoekin etxean, baina ezer profesionala ez. Gero ja unibertsitatean hasi nintzen gauza batzuk egiten, irakasle batek ikusi zituen nik egiten nituen lanak, eta horren ingurura irten zen liburu baten kolaborazioa berarekin.
'Izar saltzailea' proiektua, ezta?
Bai. Azken finean, liburu hori ilustratzen hasi nintzen oso ondo jakin gabe zer egin. Hartu nuen hasieran, hasi nintzen eskuz egiten, gero ikusi nuen ez nekiela oso ondo nondik hartu... Probatu nuen tabletarekin eta jada tableta izan zen definitiboa. Horrekin hasi nintzen jada nire estiloa definitzen. Egia da liburua egin arte hobby bat bezala marrazten nuela, baina liburuarekin definitu behar nuen estilo zehatz bat, kolore paleta zehatz bat. Horrekin hasi zen jada apur bat nire marka modukoa sortzen.

Zertan da ezberdina tabletarekin marraztea?
Niri gehien ematen didana da erraztasuna edozein momentutan jartzeko. Nire amarekin marrazten nuenean, txikitan, lehenengo pintzelak ateratzea, gero garbitu behar dituzula, gero lehortzen dela pintura, gero ez dakit zer… Tabletarekin jarri naiteke hamar minutu gauza bat egiten eta gero uzten dut. Erraztasuna ematen dit denbora kudeatzeko eta lana egiteko. Eta gero digitalki egiteak ere erraztasuna ematen dit ilustrazioa kapa ezberdinekin egiteak, Photoshop moduko bat, baina tabletarekin.
Teknikoki zer aukera ematen ditu digitalki egiteak?
Nik iPad tablet batekin marrazten dut, pintzel digital batekin. Tabletean bertan, ez da beste batzuetan bezala, marraztu behar duzula pantaila bati begira. Hau paperean marraztea bezala da, baina digitalki. Eta kapekin lortzen duzu, adibidez, kapa batean jartzea landareak, fondoa izango direna; beste kapa batean jartzen ditut elementuak, eta beste kapa batean adibidez testuak. Horrekin jolastu dezakezu, kapak lekuz mugitzen eta. Paper batean ezin duzu horrekin jolastu.
Baduzu lan kutunen bat, nabarmenduko zenukeena?
Nabarmenduko nituzke bi edo hiru. Lehenengoa Izar saltzailea, dudarik gabe, nire lan kutuna da. Horrekin hasi nintzen, eta nahiz eta orain ikusten dudan ez dela nire estiloa guztiz, azken finean nire hasiera izan zen, eta polita da eboluzioa ikustea ere. Gero, pasa den urtean egin nuen nire lehenengo murala, eta polita izan zen paperetik pareta batera pasatzea. Indarra euskal kultur elkartearentzako egin nuen, Gasteizko Alde Zaharrean kokatuta. Nik diseinatu nuen, marraztu, eta gero haiek margotu zuten paretean, nire laguntzarekin. Orduan, diseinatu behar izan nuen pentsatzen beste batzuek margotu behar zutela gero paretan. Polita izan zen, denek parte hartu zuten proiektuan.
Zer transmititu nahi izaten duzu zure lanekin?
Beno, enkarguak egiten ditudanean beti dago gai bat atzetik, haiek finkatzen didatena, baina beti saiatzen naiz nire estiloa sartzen. Azken finean, izaten da eszena politak egitea, atseginak, ikusteko errazak direnak. Ez duzuna asko pentsatu behar, baina ikusi eta sentitzen zarena gustura. Orduan hori da nire estiloa, koloreekin jolastuta giro polit eta atseginak sortzea.
Eduki sortzaile ere aritzen zara. Zer egiten duzu hor?
Berez nik egiten dut lan Gasteizko Hortelanos agentzian, eta hor aritzen naiz eduki sortzaile, bezeroentzako edukiak sortzen, izan argazkiak, bideoak, testuak, blogak… apur bat denetarik. Markarentzako edukiak sortzea izaten da.
'Berria' egunkarian ere aritzen zara ilustratzaile.
Bai, gutxi gorabehera hilabetero edo bi hilabetero kolaboratzen dut Berriarekin, haiek gaia emanda. Mantangorri sailerako egiten ditut bi ilustrazio, bat portadan joaten da eta beste bat barruan. Eta horrek ere bultzatzen nau ilustrazio bat egitera ia hilabetero. Gero enkarguak etortzen badira ondo, baina behintzat bultzatzen nau marrazten ez uztera.
Murala egin duzu Gasteizen, jaietako kartela ere bai, beste ametsetako proiekturik baduzu?
Beno, nire ametsa zen kartel bat egitea… Orduan, sortuko da beste helbururen bat, baina oraintxe bertan ez daukat. Gustatuko litzaidake denbora gehiago edukitzea niretzako, nire ilustrazio propioak sortzeko. Beti lanarekin eta enkarguekin gelditzen naiz denborarik gabe nik sortzeko. Gustatuko litzaidake serieren bat egitea, Gasteizko serieren bat edo horrelako zerbait. Baina ikusiko da.