GEU TXOSNA

Erreferentziazko portua

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 30a

'Ekaitzetatik ihesi... portuak ospatu' kanpaina aurkeztu dute GEU elkarteko kideek. Argazkia: GEU ELKARTEA

Euskaltzaleen erdigunea izango da berriro Aihotz plaza, GEU elkartearen eskutik, jaietako zein urte osoko egitarau eta aldarrikapenei bidea eginez. Abuztuaren 3an inauguratuko dute txokoa.

Andre Maria Zuriaren jaiak ate joka dira, eta, urteroko ohiturari eutsiz, euskaltzaletasunaren erdigunea Aihotz plaza izango da. Aurten, hamahirugarrenez, GEU elkarteak txosna jarriko du, festa eta aldarrikapena batzen dituen txokoan, gasteiztarrei eta hurbiltzen diren guztiei ongi etorria emateko. Naiara Perea GEU elkarteko kideak azaldu ditu espazioaren nondik norakoak.

Muntaketa lanak abuztuaren 2an hasiko diren arren, barne antolakuntzak indar betean jarraitzen du. Txandak betetzen doaz, baina oraindik badago non lagundu. Batez ere azken egunetako txandak eta itxiera orduak betetzeko jendea behar dute oraindik, azaldu duenez, eta herritarrei dei egin diete azken ahalegin horretan parte har dezaten.

"Txosna Batzordeak jasoko du aurtengo GEU Saria, euskararen alde egindako lanaren aitortza"

Txosnaren irekiera ofiziala abuztuaren 3an izango da, Blusa eta Nesken Batzordearekin zein Berdintasun taldearekin elkarlanean prestatutako egitarau zabal batekin. Irekiera ekitaldia 17:30ean egingo dute, eta Geu Saria ere orduan banatuko dute. "Txosna Batzordeak jasoko du aurten, urtez urte euskararen alde egin duten lanaren aitortza gisa", nabarmendu du Pereak. Jarraian, 18:00etan, Berdintasun taldeak prentsaurrekoa eskainiko du San Migelgo eskaileretan, eta 18:30etik aurrera hainbat ekintza osagarri egingo dira batera: alde batetik, Blusa eta Nesken pankarten aurkezpena; bestetik, txosnan bertan plater irekiak eta mojito festa prestatuko dituzte. "Herritar guztiak gonbidatuta daude euren biniloak ekarri eta musika saio ireki horretan parte hartzera". Arratsaldeko giroaren ondoren, 21:00etan, Andrigina drag ikuskizunak igoko du tenperatura, iaz lortutako arrakastari segida emanez, eta eguna amaitzeko, 22:00etan, Atrikipunk taldearen kontzertua izango da, gonbidatu bereziek lagunduta.

Jaietan beste proposamen batzuk ere izango dira Aihotz plazan. GEUren eskutik, abuztuaren 6an, 19:00etan, Igandeak Jai formulako familia ikuskizuna eskainiko dute: Baserriko Porrusalda, Bapatean Zirko konpainiaren eskutik.

Abuztuaren 3an inauguratuko dute GEUren txosna, 17:30ean. Argazkia: ERLANTZ ANDA/ ALEA

Portuak ospatu

Edizio honetan, euskalguneak mezu indartsu batean bildu nahi ditu euskaltzale guztiak: Ekaitzetatik ihesi... portuak ospatu. Naiara Perearen hitzetan, lelo honek jaietan zein urte osoan zehar egindako ibilbidearen errealitatea sakon islatzen du. Urtez urte Aihotz plazan biltzen dira jaietan euskararen presentzia indartzeko helburuarekin, baina bidea ez da beti samurra izaten. "Askotan, noraezean eramaten gaituzten ekaitzak topatzen ditugu, eta azkenaldian euskararen aurka jasotzen ari diren erasoak dira ekaitz horien ispilu". Hala ere, GEU elkartearen jardunak eta helburuak berdina izaten jarraitzen du: euskararen alde borrokatzea, euskara ospatzea, eta merezi duen lekua zaintzea zein aitortzea.

Aihotz plaza euskaldunen babesgune eta erreferentziazko portu bihurtu da urteen poderioz, Pereak gogoratu duenez. Eta giro horrekin bat eginez, plazak berak portu itxura hartuko du aurtengo jaietan. Ildo beretik, urtero ematen duten GEU Saria bera itsasargi bat izango da. "Jakinda  hau ez dela ez portu bakarra ezta itsasargi bakarra ere, baina elkar elikatzen duten babesgune anitzak sortzea da euskaltzaletasunaren indar nagusia".

Gasteizko jaien osteko martxak ere badu bere bidea zehaztuta. Irailetik aurrera, besteak beste, Gasteizko Irakurle Klubaren eta Mintzalagun kanpainaren aurkezpenak egingo dituzte, eta ohiko moduan abiatuko dira Igandeak Jai edo Geurekin Mendira atalak ere. Horrez gain, hiriko hainbat elkarterekin batera, urriaren 10ean ospatuko duten Euskararen Hiria jaialdia prestatzen ari dira jada. Zuk baduzu tokia Euskararen Hirian lelopean, egun osoan zehar, euskarazko jarduerak izango dira Plaza Berrian eta Andre Maria Zuriaren plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago