Txaro iturralde saez de bikuña

"Jaietan orratzarekin eta hariarekin joaten nintzen beti"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 31

Txaro Iturralde 40 urte luzez ibili da jaietako pertsonaiak janzten. Argazkia: EKAITZ ANDA

Txaro Iturraldek 40 urteko ibilbidea egin du udal modista gisa, iaz erretiroa hartu arte. Zeledon, erraldoiak, buruhandiak, Gargantua, Errege Magoak eta jaietako hainbat bandera eta apaingarri jantzi eta zaindu ditu.

Berrogei urtez Gasteizko jaietako pertsonaia ikonikoak jantzi ditu Txaro Iturralde Saez de Bikuñak (Gasteiz, 1952). 2025ean erretiroa hartu zuen udal jostunak, baina oraindik kostatzen zaio hotzikara sentitu gabe Zeledon jaisten edo buruhandiak desfilatzen ikustea. "Badirudi nireak direla, baina gasteiztar guztienak dira, aizu", esan du. Urrezko Zeledon saria jaso du aurten, Erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera, Arabako kulturaren transmisioan eta hiriko jaietan egindako lanagatik.

Zeledon zintzilikatu aurretik azken ukituak ematen. TXARO ITURRALDE

Hainbeste urtez isilean lan egin ondoren, zer sentitu zenuen Urrezko Zeledon jaso zenuenean?

Oso pozik nago, oso pozik. Ilusio handia egiten dit jendeak galdetzea nor dagoen guztiaren atzean, nork egiten dituen lan horiek. Lan asko egin dut; azken finean, erraldoiei ezer ez falta izatea, ezer ez haustea, dena ondo ateratzea… Erantzukizun handia izan da!

Gogoan duzu nola iritsi zinen udaletxera eta lehen enkargu garrantzitsua?

Ni jostuna naiz. Patroigintza titulua atera nuen, gaur egun diseinua eta patroigintza dena. Gogoan dut nire gurasoek, batez ere amak, garai hartan, esaten zidala: "Zuk titulu bat izan behar duzu". Baina niri jostea gustatzen zitzaidan, ez nuen unibertsitatera joan nahi, ez nuen gogorik, josi nahi nuen. Horrela hasi nintzen lanean Indarra dantza taldekoekin estandarte batzuetarako zintak josten, eta gero, nahiko ausarta naizenez, erraldoiak janzten hasi nintzen; garai haietan oso gaizki zeuden. Gogoan dut, lehen, ijitoek ateratzen zituztela erraldoiak, Gao Lacho Dromen bizi ziren ijitoek dantzatzen zituzten; jaietan oso-oso dotore etortzen ziren, alkandora zuri-zuriekin. Eta horrela hasi nintzen. Pixkanaka-pixkanaka sartu nintzen.

Non josten zenuen? 

Etxean. Familia daukat, baina beti errespetatu dute josten hasten nintzenean. Nire semeek asko lagundu didate, asko.

Egin dituzun edo zaharberritu dituzun jantzi guztien artean bat aukeratu beharko bazenu, zeinekin geratuko zinateke?

Ederrena kapa urdin bat da, Regüevero erraldoiarena, kapela urdin argia darama eta kapa ilunagoa. Kapa hori, hau da, kaparen mozketa, ez da zeharka moztu egiten duzun oihal bat, ez, ebaki asko dituen kapa bat da. Eta kapa hori 1900. urtearen hasierakoa da, oso polita. Lehenengo kapa nik egin nuen, baina arropa hondatu egiten da eta bigarren kapa bat egin behar izan nuen, eta pentsa ez nekiela mozten, ez nuela gogoratzen, nahiz eta lehenengo kapa nik egin. Jantzi horretan ezin nuen hanka sartu metro asko direlako. Hori da gehien kostatu zitzaidana, baina oso kapa polita da. Agian josten dakien jendeak estimatuko du. Ia astebete eman nuen kapa  hori egiten.

Non erosten zenituen oihalak?

Jungitun. Zuntz sintetikoak dituzten oihalak ezin dituzu erabili, kotoizkoak izan behar dira; izan ere, 1917ko, 1912ko eta 1913ko erraldoiak egin ziren garaian ez zegoen tergalik.

Gargantuaren mendeurreneko jantziarekin agur esan zenion udal jostuna izateari. Berezia izan zen?

Lan zaila izan da. Gargantuaren jarrera ez delako erraldoi baten jarrera normala. Ez da zutik dagoen erraldoi bat. Gargantuari ezin diozu arropa inondik sartu.

"Zeledon zintzilik uzten zuten teilapean eta niri oso itsusia iruditzen zitzaidan"

Nola hartzen dizkiozu neurriak?

Ezinezkoa da. Jungituko Marisoli esaten nion, adibidez: "Galtzak aldatu behar ditut, baina ez dakit metroak kalkulatzen", orduan pieza oso bat uzten zidan, 25 metroko pieza oso bat, eta gutxi gorabehera jantzi, moztu, eta orratzekin edo belkroarekin jartzen nuen. 

Erraldoiak, buruhandiak, Errege Magoak, Gargantua... Pertsonaia guztiak jantzi dituzu?

Ea, bada, Errege Magoen arropa guztia, sei errege magoena, sei baitira, hiru original eta hiru ordezko, Madrildik datoz, antzerki enpresa batetik, jantzi horiek ez dituzulako hemen aurkitzen, baina nik jantzi ditut. Erregeen morroien jantziak, bakoitzak lau morroi ditu, mantendu egin behar dira, eta kapak ere nik egin dizkiet, baita Mari Domingiren kapa urdina ere. Kartako erregeen erraldoiei ere egin nien trajea. Batzuetan ikusi eta esaten dut: "Hori egin al dut nik? Filigrana horiekin guztiekin? Zer ondo dauden!" Kar, kar, kar. Txoten eta bastoen trajea, berriz, astunagoa egin zitzaidan, materialagatik, oihalagatik, xehetasun asko dituzte, oso lan zehatza da, nekagarria.

Zeledonen jantzia? Zuk egin duzu?

Zeledonena erositakoa da, eta nik txukundu, garbitu, lisatu eta jantzi egiten nuen. Ez da erraza, Zeledonen panpinak nahiko pisatzen du, eta, gainera, gerritik artikulatuta dago eta erortzen da. Soineko horiek, Zeledonena eta txikienak, kutxa moduko batean gordeta daude, nire izeba baten maindire zahar batekin ondo estalita, kar, kar, kar. Ai!, Zeledonen jaitsieran asko aztoratzen nintzen.

Abarka bat erortzen ote zitzaion?

Kar, kar, kar, hori da.

Lan hau egiteko esperientzia behar da, ganora. Urtero dago konpondu beharreko zerbait. 

Orain jaiak beste modu batean biziko dituzu, lasaiago, ezta?

Orain nire ahizpetako baten etxean ikusten ditut festak, telebistan. Benjaminak ateratzen ditugu, pantailan jartzen naiz eta Zeledon enfokatzen dutenean... Urduri jartzen naiz. Edo San Migel dorrean bandera kentzen dutenean. Izan ere, lehen, Zeledon zintzilik uzten zuten, teilapean, eta niri oso itsusia iruditzen zitzaidan hor zintzilik ikustea, urkatuta egongo balitz bezala, eta Kultura zuzendariari panpina estaltzeko zerbait egitea proposatu nion. Gasteizko bandera egin nezakeela esan nion, ikurrik eta ezer gabe, noski, eta orduan, panpina banderaren azpian geratzen da, eta txupinazoa baino hiru minutu lehenago oihala kentzen dute. 

Erraldoi eta buruhandientzat josten jarraitzen duzu?

Pena ematen dit, baina ez. Iaz Gasteizen izan nintzen, baina ez nintzen erraldoiak ikustera joan. Haserretu egin nintzen, errebotatu nintzen, norekin? Inorekin ez. Pena eman zidan eta ez nintzen joan. Orain daramana neska bikaina da, profesionala, oso ondo egiten du lan. Lan hau egiteko esperientzia izan behar duzu, ganora. Urtero dago konpondu beharreko zerbait. 

Izan ere, jantziak ez dira urtero aldatzen?

Ez. Diru asko da, oihalezko metro asko dira, trajeak ondo gordetzen saiatzen gara. Lihazkiak, botoiak, pasamaneriak, horiek maiz aldatzen dira eta konponketak egiten dira. Gogoratzen dut erraldoi bati brusa urratu zitzaiola eta ez nuela brusa osoa aldatu; horretarako oihal zatiak gordetzen nituen konponketak egin ahal izateko.

Zein izan da festatik ordu gutxira konpondu behar izan duzun matxurarik zailena? Inoiz pentsatu duzu: "Ez gara garaiz iritsiko"?

Ni jaietan orratzarekin joaten nintzen beti, hariarekin, guraizeekin… Urte askotan joan behar izan dut Musiketxera konponketaren bat egitera, baina ez zitzaidan kostatzen. Batzuetan pentsatzen dut: badirudi nireak direla eta ez dira nireak, gasteiztar guztionak dira, baina amorrua ematen dit gaizki ateratzen badira, txikikeria dirudi baina zaindu egin behar ditudala sentitzen dut.

Lehen lanegunera itzultzerik bazenu, zer esango zenioke jostun gazte hari?

Oso ausarta izan dela, eta oso diziplinatua ere bai. Berriro egingo nuke? Bai. Batzuetan ez naiz oso kontziente izan, baina ausarta izan naiz eta nire buruari esan diot ahal dut, eta egin dut. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago