Bereziak kuadrillako Haizea Lauzurika eta Los Desiguales kuadrillako Ekain Gonzalez, biak 12 urtekoak, aukeratu dituzte aurten Edurne eta Zeledon Txiki izateko. Abuztuaren 7an eskuetan eramango dituzten aterkiak zein ardo zahatoa jaso dituzte gaur goizean, Maider Etxebarria Gasteizko alkate eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziaren eskutik.
Udaletxean egindako ekitaldian, alkateak zorterik onena opa die bi gazteei "abentura honetarako", eta jaietan "kutsakorra den eta denok batzen gaituen poza" izatera animatu ditu. Etxebarriak azpimarratu duenez, erantzukizun eta euforia nahasketa polit honekin biziko dute eguna, jaiak barru-barrutik sentitzen dituztenek bakarrik egiten duten moduan.
Abuztuaren 7a Gasteizko jaietako egun berezienetako bat izaten da, txikienei bideratutako eguna. Urtero legez, hiriko jai programazioa haurrentzako jarduerez, musikaz eta jolasez beteko da, haurrak eguneko benetako protagonista bihur daitezen.
Argazkiak: EKAITZ ANDA / ALEA