Jaiak heltzear direla, ALEArekin hitz egiteko tartea hartu du Zeledonek.
Hirugarren urtea Zeledon bezala, zer ikasi duzu aurrekoetatik?
Aukeratzen. Aukeratzen nora joan, zeri eman lehentasuna. Eta bereziki ere medioekin kudeaketa hobeto egiten, edo niretzako lagungarria dena egiten.
Eta zer ikasi duzu aurreko Zeledonetatik?
Askotan kontu txiki asko, ikusten ez den protokoloaren kontu txikiak. Hainbat lekutara joan behar duzu, eta nola egon behar zaren kontu horietan, hori aurreratu didate, eta oso eskertuta nago horregatik. Eta baita ere, pisuan zaudenean hor, itxaroten panpina jaistera eta... hor beti Gorkak baditu aholku txiki batzuk. Urtero errepikatzen didana da ni izateko, naturaltasunez jokatzeko. Eta horretan saiatzen ari naiz.
Duela 50 urte ez zen Zeledon jaitsi Gasteiza.
Bai, eta eskertu behar da, eredu hori hartu behar dugu. Jose Luis Isasik, Zeledonen sortzaileak planto egin zuen 76ko sarraskiagatik. Blusa eta neska kuadrillak ere ez ziren atera. Eta aurten 50 urte betetzen direnez [Martxoak 3ko sarraskitik] uste dut Jose Luisen figura omendu behar dugula, eredu bezala hartu eta Gasteizi benetan kontatu zer gertatu zen urte hartan. Askotan, kontatzen diedanean lagunei eta, askok ez dakite zer gertatu zen urte horretan. Zergatik blusa eta neska kuadrillak ez ziren atera kalera, eta atera zirenak zerbait beltzarekin atera ziren. Nik uste garrantzitsua dela memoria hori gasteiztarroi helaraztea, eta kontatzea urte horretan ez zirela egon jaiak, eta Jose Luisen balentriagatik Zeledon ez zela jaitsi benetan.
Zer mezu daukazu gasteiztarrentzat aurtengo jaietarako?
Zoritxarrez urterokoa. Ea jaiak lasai bizitzen ditugun, denok. Ea ez dugun inongo arazorik topatzen jaietan zehar, eta bereziki ea disfrutatu dezakegun lasaitasunez. Esan behar da, baita ere, ez dugula inolako erasorik onartuko. Eta orain ALEAn gaudela, ea bizi ahal ditugun jaiak euskaraz. Orain gauden momentuan, edukitzea arnasguneak, edukitzea espazio bat non euskaraz bizi gaitezkeen, non euskaraz aisialdi bat eduki dezakegun. Nik uste dut zerbait beharrezkoa eta nahitaezkoa dela.
Gogotsu zaude jaietarako?
Oso. Aurreko urtean baino gehiago. Lehenengo urtea izan zen kristoren hype-a. Gero pixka bat jaitsi nintzen aurreko urtean. Eta orain berriro urduri nago, tximeletatxoekin... Bai, oso gogotsu.

Boteprontoan
Zapi gorria edo koadroduna?
4an gorria, beste egunetan koadroduna.
Abarkak larruzkoak edo gomazkoak?
Larruzkoak, beti.
Zetak ala ETS?
Zetak.
Pasillo bakarra edo hiru?
Edo hiru? Bat.
Mediku ona ala euskalduna?
Euskalduna.
Garagardoa edo ardoa?
Bakoitza bere momentuan.
Abuztuak 4an, urduritasuna edo adrenalina?
Aurretik urduritasuna, momentuan adrenalina.
Telefonoko mezuak momentuan erantzun edo inoiz ez?
Segun zeini…
ColaCao edo Nesquik?
ColaCao.
Irakasle edo DJ?
Irakasle.
Alaves edo Baskonia?
Alaves.
Pantanoa edo hondartza?
Hondartza.
Aterkia edo eguzkitako krema?
Lauan aterkia, noski.
Selektibitatean euskara edo matematika?
Euskara, beti.
Ticket Bai, edo ez?
Segun non, ez.
Telefonoz deitu edo mezua bidali?
Deitu.
Pintxo ona ordainduta edo pintxo txarra dohainik?
Pintxo ona ordainduta.
Fanfarrea edo txaranga?
Txaranga.
Beti berandu edo beti goiz?
Beti goiz.
Egunero esnatzeko kanta bat?
Egunsentian, Kuraiarena.
Kuadrillako gidaria edo kuadrillako mozkorra?
Askotan gidaria… askotan. Batzuetan, gehiegitan, oso maiz.