Kepa Junkerari omenaldia egingo diote Gasteizko txistulariek

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 27a

40 txistulari inguru elkartuko ditu larunbateko kontzertuak. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Luis Aranburu Udal Folklore Eskolak antolatuta, 40 txistulari inguru izango dira oholtzan.

Abuztuaren 1ean, 20:00etan, Plaza Berria euskal musika eta dantza tradizionalen elkargune bilakatuko da Gasteizko Txistularien Kontzertuarekin. Luis Aranburu Udal Folklore Eskolak antolatutako jaien aurreko hitzordu honek tradizioa eta sorkuntza garaikidea uztartuko ditu berriro ere. Gainera, aurten, Kepa Junkerari aitortza berezia egingo diote, trikitixaren munduan egindako ibilbide oparoagatik.

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 40 txistulari inguru bilduko dira oholtza gainean. Haiekin batera, Udal Txistulari Banda eta Udal Folklore Eskolako beste espezialitate batzuetako musikariak ariko dira; hala nola trikitilariak, perkusio joleak, txalapartariak eta gaiteroak, haize zein perkusio talde instrumentalez lagunduta, eta Jon Larrauri gasteiztarrak zuzenduta.

Omenaldiaz eta talde nagusiaz gain, kontzertuak artista gonbidatuak bilduko ditu. Musikarien artean Garikoitz Mendizabal txistularia, eta ahotsetan Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslari ohia taularatuko dira, eta horiekin batera, Donostiako Orfeoia eta Mulixka dantza taldea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago