Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu eta hirugarren bat ikertu du, gaur goizaldean Gasteizen izandako bi liskarren ondoren. Bi gertakarietan bi gizonek zauriak jasan dituzte, bata arma zuri batekin eta bestea objektu zorrotz batekin egindako erasoen ondorioz, Segurtasun Sailak ezagutzera eman duenez.
Lehenengo erasoa hiriguneko diskoteka batean gertatu da, ordu txikietan. Bertaratutako ertzainek biktima eta gertakariaren hainbat lekuko identifikatu dituzte. Ikerketaren arabera, 19 eta 24 urteko bi pertsona izan dira erasotzaileak, eta 25 urteko biktimak bi ebaki jaso ditu, bata besoan eta bestea bularraldean. Osasun zerbitzuek ospitalera eraman dute.
Ondoren, ertzainek ustezko erasotzaileetako bat aurkitu eta atxilotu dute. Gainera, susmagarriak erabilitako arma non ezkutatu zuen adierazi die agenteei, eta hura lorategi batean lurperatuta aurkitu dute. Beste susmagarria lesio delitu baten harira identifikatu eta ikertu dute.
Bigarren istilua 01:30 inguruan izan da, Koroatze auzoko lonja baten inguruan. Abisu baten bidez jakinarazi diete ertzainei hainbat pertsona kalean borrokan ari zirela. Ertzaintzaren patruilek hainbat lagun identifikatu dituzte, eta lurrean botata zeuden botila zatiak aurkitu dituzte.
Borrokaren ondorioz, 50 urteko gizon batek saihetsaldean zauri bat jaso du. Ospitalera eraman dute, eta zauriak josteko puntuak behar izan dizkiote. 33 urteko ustezko erasotzaileak ere hainbat kolpe jaso ditu, eta lesio delitua egotzita atxilotu dute. Ondoren, Gasteizko ertzain etxera eraman dute.