Salburuko Harrera Sareko ordezkariek asteazkenean Gasteizko Udaleko Parte Hartze Batzordean agerraldia egin dute, eta Gasteizko Udalaren jarrera aldaketa salatu. Badira sei hilabete Salburua Burdinbide auzo elkarteak bere lokala uzten diela asilo eskatzaileei gaua igarotzeko, eta bertan 20 eta 30 gazte artean gelditu dira egunero. Hala ere, Udalak agindu du jarduera hori berehala eteteko, argudiatuta lokala auzo, gizarte eta kultura jardueretarako laga zela eta ez ostatu gisa erabiltzeko. Harrera Sareak adierazi du erabakia beteko duela auzo elkarteari kalterik ez egiteko, baina salatu du ez dela alternatibarik aurkeztu pertsona horientzat.
Sareak kritikatu du uztailean udalaren jarrera "erabat aldatu" dela eta, irtenbideak bilatu beharrean, harrera eten dadin eskatu duela. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia eta jazarpena areagotu direla ere salatu dute.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiko zinegotziak batzordean azaldu du udalak ezin duela Salburua Burdinbide elkartearen lokala ostatu gisa erabiltzea onartu, eta udalaren ardura dela instalazioetako erabiltzaileen segurtasuna bermatzea. Harrera Sareak salatutako Poliziaren presioak ukatu ditu zinegotziak. Bestalde, adierazi du krisi honen konponbide sozial eta administratiboa beste erakunde batzuen eskumenekoa dela.
Luzatzen ari den arazoa
Urtebete baino gehiago darama konpondu gabe Gasteiza heldutako asilo eskatzaile maliarren egoerak. Sareak salatu du asilo prozedura hasteko hitzorduen kopurua mugatua dela eta horrek administrazioan "botila lepoa" sortu duela; ondorioz, pertsona askok hilabeteak eman behar dituzte espedientea abiatu arte, baliabiderik eta ostaturik gabe.
Sarearen arabera azken hilabeteetan ez da aurrerapausorik eman, eta gaur egun 40 eta 50 pertsona artean daude etxebizitzarik gabe, prekarietatean eta abandonuan. Asilo-eskaera formalizatzen denean, Eusko Jaurlaritzak eta Zehar erakundeak antolatzen dituzte pertsona horien lekualdaketa eta harrera, baina aurretik kalean geratzeko arriskua handia dela ohartarazi dute. 2025eko abendutik hona ia 300 pertsonari laguntza eman dietela nabarmendu dute sareko kideek.
Parte Hartze Batzordean egindako agerraldian, Salburuko Harrera Sareak berriz eskatu du erakunde guztien arteko mahai bateratua sortzea egoerari irtenbidea emateko. Haien esanetan, "arazoa ez da konpontzen lokal batean lo egitea debekatuz, benetako alternatibak eskainita baizik", eta asilo eskatzaileek "harrera duina" merezi dutela azpimarratu dute.