Sancho el Sabio fundazioaren egoitza Gasteizko jaietako mota guztietako irudiekin atondu dute abuztuko txupinazoaren aurretik. Andre Maria Zuriaren jaietako kartelak, aldizkariak eta prentsa historikoa, marrazkiak eta ilustrazioak, jaietako programak, pegatinak, argazkiak eta dozenaka objektu daude, baita 1980ko hamarkadako kalejiren eta San Miguelgo balkoiaren grabazio sorta bat ere, Gasteizko eta Arabako Kutxa zaharren artxibotik zaharberrituak. Gasteizko jaiei buruz inoiz ikusi ez diren dokumentuak ere paratu dituzte, fundazioaren ondarearen parte direnak.
Dokujaia titulatu duten erakusketa uztailaren 31ra arte izango da ikusgai, Betoñuko agoran, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara. Dagoeneko bi bisita gidatu egin dituzte erakusketaren nondik norakoak eta artxibatutako sekretu guztiak azaltzeko, eta azkena uztailaren 29an egingo dute, 11:30ean. Sarrera librea da, baina aurretik izena ematea komeni dela azpimarratu dute fundazioko arduradunek.
Celedon kalejiraren 30eko hamarkadako partitura bat euskaraz dago
Erakusketarekin batera, fundazioko artxibozain Rafael Resinesen La fiesta ilustrada. Carteles de fiestas de Vitoria (1879-2025) bilduma liburua argitaratu dute. Gasteizko jaietako lehen karteletik hasi, 1879. urtekoa, eta 2025eko edizioaren diseinu irabazleraino; 150 urteko kartelgintzatik egindako ibilbidea da, eta hiriaren historia bestelako ikuspegi batetik ezagutzeko gonbita. Adrian Aldekoa edo Obdulio Lopez de Uralde bezalako artistek egindako lanak jasotzen ditu, besteak beste; XX. mendearen bigarren erdiko modaren eta estetikaren errepasoa, eta XXI. mendearen lehen laurdeneko kartelgintzan izandako aldaketa tipografikoak, estilistikoak eta teknikoak.
Betoñuko eraikinaren sarreran paratutako dokumentuen artean bitxikeria ugari aurkitu daitezke, tartean Celedon kalejiraren 30eko hamarkadako partitura bat euskaraz. Halaber, 1894. urtetik aurrerako jaietako programak (ofizialak eta ez ofizialak) ikus daitezke, garai hartako zenbait margolarik egindako azalak dituztenak, hala nola, Adrian Aldekoak, Carlos Zarceñok eta Ricardo Ollokik; 40ko hamarkadatik gaur egunera arteko zezen eta bigantxen sarreren aukeraketa bat; eta Andre Maria Zuriaren ereserkia, beste dokumentu batzuen artean.
Landaren purua
Garai batean abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsieran, modan egon zen purua erretzeko ohitura ere protagonista da erakusketan; Montecristo, Dunhill, Partagas, Sancho Panza eta Te-Amo puruen eraztunekin margotutako koadro bat dago, 1980 eta 2000 urteen artean, Zeledonen pertsonaia antzeztu zuen Iñaki Landaren bilduma batekoak dira. Koadroaren erdian Landaren argazki bat dago, moztuta, eta, atzean, bere sinadura eta jaien urtea.
Puruen eraztunen koadroarekin batera, 1978tik eta 2025era arte bildutako blusen eta nesken kuadrillen pegatina sorta ugaria dago.
Kartel berezi bat dago non neska baten gonak eguna eta gaua irudikatzen dituen.
Bestalde, aldizkariek eta prentsa historikoak ere toki zabala dute erakusketan. Adibidez, 1939an, frankismoaren lehen hilabeteetan zentsuratutako Celedon reporter bineta dago ikusgai, Celedon jaietako aldizkarian argitaratutakoa; eta zenbait argitalpenen azalak eta artikuluak irakurtzeko aukera ere badago, hala nola Avance, Gasteiz, Libertad, Gaur, Egin, Eguna eta 1936ko Espainiako Gerrari eta blusei buruzko artikulu bat GEU aldizkarian.
Jai alternatiboetako marrazkiek eta istoriotxoek, txosnen lehenengo afixek eta oroigarriek ere lekua hartu dute Dokujaian.
Hamar kartel
Denen artean, kartelak eta argazkiak dira Sancho el Sabio Vital fundazioak prestatu duen bildumaren izarrak. Guztira, hamar afixa ikusi daitezke. Horien artean daude Obdulio Lopez de Uralde margolariak 1949an ilustratu zuen azkena; Jose Julio Arregirena (1980), lehiaketa irabazi ez zuen arren Arabako Aurrezki Kutxak promoziorako erabili zuen blusaz jantzitako hegazkin bat irudikatzen duena; David Tavarezen (1991) kartel berezi bat non neska baten gonak eguna eta gaua irudikatzen dituen; 1976ko kartela, torero batekin, martxoaren 3ko sarraskiaren urtearena; eta 2007koa, Gasteizko historiari buruzko Gasteiztxo haur komiki ezagunaren egileak, Jose Angel Benitok, marraztutakoa.
Aurrezki Kutxen artxiboetan eta Fundazioaren beste funts batzuetan gordetako argazkiak daude, hala nola Antonio Guallar, Joseba Egibar, Norte Expres eta Joaquin Jimenezenak. Jaietako gai ohikoenak dokumentatzen dituzten irudiak dira: Zeledon, blusak eta neskak, Andre Maria Zuria, musika, erraldoiak eta buruhandiak, balkoia eta herri kirolak, besteak beste. Horien artean nabarmendu daitezke diktadura ostean, 1977an, udaletxean ikurrina altxatu zen lehen aldiko argazkia, Zeledonen panpina 1975ean erre zenean geratu ziren hondakinak, eta Zeledonen sortzaileenak: Jose Maria Sedano, Amado Lopez Ipiña, Jose Luis Isasi, eta Luis Mari Sanchez Iñigo. Gainera, Zeledon Txikiren panpinaren lehenengo jaitsiera agertzen da, baita Gasteizko lehenengo neska kuadrillaren argazkia ere, eta, jakina, kalejira asko ere bai.
Argazkiak: PHOT.OK