Maider Etxebarria Gasteizko alkatea Tangerren izan da aste honetan, Alaba-Eskibel jauregiaren auzia argitzeko pausoak eman asmoz, eta behin-behineko akordioa itxi dute bi aldeek. Tangerreko Udalaren jabetzakoa da eraikin historikoa, eta ia 493.000 euroko zorra pilatu du Gasteizko Udalarekin, hainbat isun eta konponketa lanen harira.
Orain bi erakundeek konponbiderako lehen urratsak adostu dituzte. Akordioaren arabera, Tangerreko Udalak zor osoaren %4 ordainduko du "datozen egunetan", eta hala borondatea erakutsi nahi izan dute espedientea behin betiko ebazteko. Udal marokoarrak urriko osoko bilkurara eramango du zorraren zenbateko nagusia ordaintzea onartzeko proposamena, eta aurrerantzean jauregiari dagozkion udal zergak modu erregularrean ordaintzeko mekanismo bat ezartzea ere aurreikusi du.
Gasteizko alkatea asteazkenean bildu zen Tangerren bertan hiriko alkate Mounir Lymourirekin, Errementari eta Zapatari kaleen artean kokatutako eraikinaren inguruko gatazkari irtenbidea bilatzeko. Bi aldeek aztertu zituzten espedientea osatzen duten bederatzi isunak, eta zer aukera juridiko eta administratibo egon daitezkeen auzia bideratzeko. Elkarlan instituzionalaren garrantzia azpimarratu dute bi aldeek.
Akordioan jaso dute Tangerreko Komunak irailean Gasteizera bisita teknikoa egingo duela, Alaba-Eskibel Jauregiaren egoera bertatik bertara aztertzeko. Hirigintza Sailak eraikinaren narriadura eta patologiak konpontzeko beharrezko obrei buruz egindako txostenak aurkeztuko dizkie bertan.
2024an hasi zuten harreman zuzena Etxebarriak eta Lymourik, eta bi erakundeek azpimarratu dute etapa berri bat ireki dela orain, "elkarrizketa eraikitzailean" eta lankidetzan oinarrituta. Helburua da higiezinaren egoera administratiboa eta ekonomikoa normalizatzea, aldi berean Gasteizen eta Tangeren arteko harreman instituzionalak indartuz.