Gasteizko Udalak behin betiko onartu du taxi zerbitzuko guardiak arautzen dituen dekretua, eta uztailaren 24ko gauean, Santiago egunaren bezperan, sartuko da indarrean neurria. Ondorioz, gutxienez 50 taxik eman beharko dute zerbitzua larunbat gauetan eta jai bezperetan, gauerditik goizeko 08:00etara. Gainera, maiatzetik urrira bitartean, igande arratsaldeetan ere 35 ibilgailuko gutxieneko zerbitzua bermatuko da, eta bi taxi egokitu egon beharko dira eskuragarri eguneko 24 orduetan.
Udalaren arabera, neurriaren helburua da eskaera handieneko orduetan taxi faltari aurre egitea. Azken bi urteetan 411 erreklamazio jaso ditu, 191 herritarrek aurkeztuak, zerbitzurik ez egoteagatik edo taxiak aurkitzeko zailtasunekin lotuta. Dekretua bi urteko elkarrizketaren ondoren onartu da, polemika artean taxilari asko aurka agertu direlako. Aurkeztutako alegazioen artean osasun arrazoiengatik bost profesionali onartu zaie gaueko guardietatik salbuetsita gelditzea.
Kontrola eta zigorrak
Guardien sistema betetzen dela ziurtatzeko, udalak kontrol protokolo bat jarriko du martxan. Taxi elkarteei eta gidariei egindako zerbitzuen dokumentazioa eta TicketBAI erregistroak eskatu ahal izango dizkie. Araudia ez betetzea arau hauste larritzat joko da, eta 276 eta 1.382 euro arteko isunak ekar ditzake; behin eta berriz ez betetzeak, aldiz, 3.000 eurorainoko zigorrak eta lizentzia urtebetez galtzeko arriskua.
Bestalde, udal gobernuak iragarri du taxi kopurua handitzeko beste dekretu bat prestatzen ari dela. Gaur egun Gasteizek 194 taxi lizentzia ditu, eta helburua da beste 20 gehitzea, hiriko hazkundearen aurrean mugikortasun behar berrietara egokitzeko. Aurreikuspenen arabera, prozesua 2027aren hasierarako amaituko dela iragarri dute, eta hirian 214 taxi egongo lirateke.
Neurriak ez du sektorearen erabateko babesa lortu. Aidttax taxi elkarteak, esaterako, mobilizazioak eta geldialdi partzialak deitu ditu lehen guardia txandetan, protesta gisa. Udalak, bere aldetik, sektorearen erantzukizunean konfiantza duela adierazi du, baina araudia bete ezean dagozkion zehapenak ezarriko dituela ohartarazi.