Igor Uriarte Gasteizko preso ohia zendu da Urruñan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 21a

Igor Uriarte 2018ko martxoan aske gelditu zen, bost urteko espetxealdiaren ostean. / HALA BEDI

Hainbat lagunek 'Naiz' agerkari digitalari baieztatu diote bat-batean hil dela, bizikletan zihoala. 2013an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Igor Uriarte Lopez de Bikuña Txopo Gasteizko Judimendi auzoko preso ohia hil da. Gertuko hainbat lagunek Naiz hedabideari adierazi diotenez, Urruñan bizi zen errepresaliatu ohia bat-batean hil da, bizikletan zihoala.

2013an Frantziako Poliziak Montpellier hirian atxilotu zuen, ETA erakundearekin harremana zuelakoan, eta 2017an Parisko auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri zion. Zigor osoa beteta, 2018an atera zen kartzelatik Uriarte, eta Urruñan ezarri zuen bere bizilekua. Hain zuzen, bertan berriro atxilotu zuen Poliziak 2020an, baina aske utzi zuten handik gutxira.

Gara egunkarian lanean aritu zen Uriarte hainbat urtetan, kirol gaiak jorratzen batez ere, eta Euskal Herriko herri mugimenduan oso ezaguna zen, hainbat ekimenetan parte hartu baitzuen. Hala, besteren artean Elkartzen mugimenduko kide eta eleduna izan zen. Haren heriotzak erabat astindu ditu urte horietan guztietan haren bidelagun izandako guztiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago