Jaietako egun nagusienetakoa izateaz gain, aurten greba eguna izango da Andre Maria Zuriaren eguna, abuztuaren 5a. Bilbon egindako agerraldi bateratuan ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba deitu dute, maiatzaren 15ean egin bezala, eta deialdiak eragin nabarmena izan dezake Gasteizko jaietako egitarauan.
EUKI patronalaren aldetik "utzikeria" jasotzen dutela eta, greba egun bana deitu dute EAEko hiru hiriburuetako jaietan. Abuztuaren 5ean Gasteizen, eta 14an eta 26an Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren, hiriburuetako aste nagusien baitan. Egun hauetako bakoitzean probintziako teknikari guztiak egongo dira grebara deituta.
Gasteizko Txosnek bat egin dute greba deialdiarekin, Bilboko Konpartsek eta Donostiako Piratek egin bezala, eta ondorioz abuztuaren 5ean ez da kontzerturik egongo txosnetan. Jaia bermatua egongo da, zabalik izango da txosnagunea, baina teknikarien hutsunea nabarmen sumatuko da oholtza guztietan.
Beste hainbat ikuskizuni ere eragingo die grebak. Leire Martinezen kontzertua espero da Foru plazan egun hartan, eta La Txama taldearena Aihotz plazan, esaterako. Bestelako dantza ikuskizunak, mariatxiak, bertsolariak eta kontzertuak ere badaude aurreikusita abuztuaren 5erako, eta ikusteko dago nolako eragina izango duen teknikarien grebak jaietako egitarau orokorrean.
Hitzarmen duinaren bila
Langileentzako baldintza duinak negoziatzeko eseri daitezela eskatu diote patronalari. "Kultura ezin da esplotazioaren sinonimo izan" salatu dute ikuskizunetako langileek. Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuak daude deialdiaren atzean, eta patronalaren utzikeria salatu dute. Azaldu dutenez, lan ikuskaritzan salaketak aurkeztu ondoren, lehen txostenak heldu dira jada langileei arrazoia ematen, eta hainbat enpresari zigorrak ezarri dizkiete lan baldintzak ez errespetatzeagatik.
Herri mugimenduko hainbat eragileren babesa eskertu dute teknikariek, txosnetako antolatzaileena kasu, eta azaldu dute nola haiek "lehen eskutik ezagutzen duten sektorearen problematika eta prekarietatea", eta horregatik egin dutela bat langileen aldarrikapenekin. "Jai duinak defendatzeko langileen eskubideak defendatu behar dira derrigor".