Munduko Koparen finalak hiru atxilotu utzi ditu Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 20a

Plaza Berrian kokatu zuen pantaila erraldoia Gasteizko Udalak. Argazkia: PP.

Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak bart goizaldean. Milaka pertsonak jarraitu zuten partida Plaza Berriko pantailan. Euskal Selekzioaren aldeko elkarretaratzea izan zen arratsaldean.

Munduko Futbol Koparen finalak milaka lagun bildu zituen igandean Gasteizko Plaza Berrian, partida pantaila erraldoi baten bidez jarraitzeko. Maider Etxebarria alkateak ere hartu zuen parte ospakizunean, alderdiko beste kide batzuekin batera.

Partiduaren aurretik, arratsaldez, ehunka lagun elkartu ziren Faroloian Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herriaren nazio izaera defendatzeko. Euskal Selekzioaren aldeko eta Espainiaren aurkako leloak zabaldu zituzten. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan ziren elkarretaratzeak. Gasteizko elkarretaratzea istilurik gabe amaitu zen, baina ostera bai arratsaldean eta bai gauean hainbat tentsio egoera izan ziren Espainiako eta Euskal Herriko jarraitzaileen artean.

Goizaldean, Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu Judimendi inguruan, ustez Espainiako selekzioaren elastikoa zeramaten hainbat pertsona erasotzeagatik. Atxilotutakoetatik biri gorroto delitua egotzi diete, eta hirugarrenari, gainera, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua. 18, 19 eta 25 urteko atxilotuak jada aske utzi dituela jakinarazi du Ertzaintzak, epaiketaren zain.

Eusko Jaurlaritzak gertatutako erasoak gaitzetsi ditu, eta errespetua eta bizikidetza aldarrikatu. EAJk eta EH Bilduk gaitzetsi dituzte Espainiako zaleek jasandako erasoak, eta aldi berean aldarrikatu dute euskal selekzioak ofiziala izateko duen eskubidea.

Gasteizko PPk proposatu du Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa irabazi duten euskal jokalariei harrera instituzionala egitea Gasteizen. Unai Simon murgiarrarekin batera Martin Zubimendi eta Mikel Oiarzabal ekartzeko proposamena egin dute, Euskadiko hiriburuan ospatzeko Espainiaren garaipena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago