Datorren astean abiatuko da Zabalgana eta Lakua arteko autobus linea berria

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 18a

11. linea zabalduko da datorren ostegunean. Argazkia: Tuvisa.

Tuvisaren 11. linea uztailaren 23an jarriko da martxan, Zabalgana eta Lakua-Arriaga auzoak zuzenean lotzeko. Udal Gobernuaren eta Alderdi Popularraren arteko akordio politikoaren emaitza da linea berria.

Tuvisak autobus linea berria zabalduko du, 11. linea. Datorren ostegunean, uztailaren 23an hasiko da zerbitzua ematen. Linea berriak Zabalgana eta Lakua-Arriaga lotuko ditu, Gasteizko bi auzo jendetsuren arteko konexioa indartu asmoz eta herritarrei hiri barruko joan-etorrietarako alternatiba zuzenagoa eskaintzeko. Proiektuaren abiapuntua Udal Gobernuak eta Alderdi Popularrak garraio publikoa hobetzeko lortutako akordio politikoa izan da.

Azken hilabeteetan, ibilbidea eta 26 geralekuak definitu dira, eta Tuvisako langileek hainbat proba egin dituzte zerbitzuaren funtzionamendua egiaztatzeko. Horrez gain, espazio publikoan egin beharreko lanak gauzatu dira, geltoki berriak egokitu eta irisgarritasuna nahiz eraginkortasuna bermatzeko. Lehen autobusa 06:10ean aterako da Sofia Erregina hiribideko 4. zenbakiko geltokitik, eta ondoren lineak 30 minutuko maiztasunarekin funtzionatuko du.

Zerbitzu berriari esker, udalak azaldu duenez, ekipamendu eta zerbitzu ugaritara zuzenean iristea erraztuko da, hirigunetik igaro edo garraiobidez aldatu beharrik gabe. Udalak informazio kanpaina abiatuko du uztailaren 20tik aurrera; udalaren pantailen bidez zabalduko dute, komunikabideetan informazioa eskainiko da, hainbat autobus errotulatuko dira linearen irudiarekin, eta informazio liburuxkak banatuko dituzte erabiltzaileek zerbitzu berriaren xehetasun guztiak ezagutu ditzaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago