Polizia dispositibo berezia prestatu dute Gasteizko jaietarako

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 15a

Udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariak elkartu dira Poliziako agintariekin. Argazkia: Gasteizko Udala.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak "segurtasun operatibo zabala" jarriko dute martxan, batera, 2026ko Andre Maria Zuriaren jaietan. Dispositiboak prebentzioa, herritarren babesa eta gorabeherei emango zaien erantzun koordinatua izango ditu ardatz, jaietako ekitaldi nagusietan aurreikusten den jendetzari aurre egiteko.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak berriro ere elkarlanean jardungo dute 2026ko Andre Maria Zuriaren jaietan segurtasuna bermatzeko. Operatiboa jaiak hasi aurretik aktibatuko da eta amaitu arte egongo da indarrean. Bizilagunen eta bisitarien segurtasuna zaintzeko giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatuko dituzte.

Operatiboak arreta berezia jarriko du jende gehien biltzen duten ekitaldi ofizialetan. Horien artean daude Blusa eta Nesken Eguna (uztailaren 25a), Zeledonen Jaitsiera, Bezperetara joatea eta Farolen Prozesioa (abuztuaren 4a), Egunsentiko Arrosarioa eta Gotzain Meza (abuztuaren 5a), Zeledon Txikia eta Neska Txikia (abuztuaren 7a) eta Zeledonen Igoera (abuztuaren 9a).

Erakunde ezberdinetako agintarien agerraldian azaldu dutenez, lehentasunezko helburua izango da prebenitzea sexu askatasunaren aurkako delituak, indarkeriaz egindako lapurretak eta ebasketak. Horretarako, patruilatzeko eremuak banatuko dituzte Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean. Ekitaldi nagusiez gain, poliziaren presentzia handituko dute etxera itzultzeko ohiko ibilbideetan ere, bereziki goizaldean, baita "segurtasun ezaren pertzepzio handiena dagoen lekuetan ere".

35.000 lagun txupinazoan

Abuztuaren 4ko txupinazoa izango da segurtasun neurri handienak eskatuko dituen ekitaldia. Andre Maria Zuriaren plazan 35.000 pertsona inguru biltzea aurreikusten da. 11 sarbide kontrol bateratu ezarriko dira, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren zaintzapean, eta udalak debekatutako objektuak sartzea eragotziko diete hurbiltzen direnei.

Zaintza lanetarako droneak ere erabiliko direla iragarri dute, eta txupinazoa baino lehen hormigoizko hesiak jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazako sarbide estrategikoetan. Bestalde, agintariek kontzientziazioa eskatu diete herritarrei bengalen erabileraren inguruan, igoera sumatu dutelako azken urteetan. Horrez gain, tenperatura altuekin kontuz ibiltzeko ere ohartarazi dute, batez ere ekitaldi jendetsuenetan.

Iazko datuak

2025eko Andre Maria Zuriaren jaietan 391 salaketa jaso zituen Poliziak, aurreko urtean baino 153 gutxiago.

Salaketa horietatik 328 izan ziren ondarearen aurkako delituak, batez ere indarkeriaz egindako ebasketak eta lapurretak. Pertsonen aurkako 53 delitu izan ziren, tartean lesioak, mehatxuak eta sexu askatasunaren aurkako delituak. Amaitzeko bide segurtasunaren aurkako 10 delitu antzeman ziren iaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago