Joan den uztailaren 6an, Iruñean San Ferminak abiatzen ziren bitartean, Ortzadar elkarteak Gasteizko gizarte etxeetan LGTBI+ Point puntuak aurkeztu zituen, Miren Fernandez de Landa Udaleko Gobernu Irekiaren zinegotziarekin batera.
Gasteizen urteak daramatzagunok sexu eta genero aniztasunaren aldeko aktibismoan badakigu aurkezpen hura ez zela inolako berritasuna izan. Izan ere, 1995ean, ALAk (Arabako Lesbianen Asanbladak) eta Gaytasunak, Jose Angel Cuerda alkatearekin elkarlanean, metakrilatozko plakak jarri zituzten udal eraikinetan, baita hiriko hainbat saltoki eta gunetan ere. Plaka haietan honako mezua irakur zitekeen: "Lokal honetan ez dira jokabide homofoboak onartzen. Horregatik, lesbianei eta gayei askatasun osoz jokatzera gonbita egiten diegu". Euskarri haien kalitatea agerikoa da oraindik ere: batzuk zutik diraute hiriko betiko saltokietan, eta, batez ere, gure memoria kolektiboan.
"Agerikoa da Ortzadarrek Gasteizko LGTBIQ+ memoriarekiko oroimen lausoa duela"
Ia hogeita bost urte geroago, 2019an, Ikusgune Behatokiak ekimen hari berriro heldu zion. Lumagorrik, Udalaren babesarekin, bost hizkuntzatan egindako kartel baten bidez, Gasteizko herritarrei LGTBIQ+fobiaren aurrean informazioa, arreta eta esku hartzea eskaintzen dien baliabidea ezagutarazi zien.
Agerikoa da Ortzadarrek Gasteizko LGTBIQ+ memoriarekiko oroimen lausoa duela; are gehiago, esan dezakegu memoriarekiko mespretxua etengabea erakutsi izan duela. Bilbon sortutako elkarteak tokiko kolektiboek behin eta berriz baztertu zuten Pride baten inguruan eratua, ez du transbollomarika mugimenduaren genealogia aitortzeko joerarik. Eta ez da harritzekoa: iragan horrek ezinbestean gogoraraziko bailuke arbuiatzen duten hori, alegia, borroka.
Garaiotan badirudi batzuek uste dutela dena diru kontua dela; gure gorputzek eta desioek prezioa dutela, eta zisheteroarauaren aurkako borroka deserosoa egiten zaiela, batez ere diru billeteen artean.
Testuinguru horretan, Ortzadarri Gasteizko memoria LGTBIQ+ ezagutzea eskatzea alferrikakoa da, katuari zaunka eskatzea bezalakoa. Baina herritarren ordezkariei dagokienez, exijentzia handiagoa izan beharko genuke.
Hala, harriduraz ikusi genuen Beatriz Artolazabal alkateordeak, Eusko Jaurlaritzan urte luzez LGTBI politikak kudeatu ondoren, LGTBI siglen esanahia ez ezagutzea. Eta ez gara gutxiago harritu Miren Fernzndez de Landa bera —aurreko legealdian Berdintasun zinegotzi ere izan zena— mende laurden batez udal eraikinetako hormetan egon diren kartelak berrikuntza balira bezala aurkezten ikustean. Bere aurreko ardurak kontuan hartuta gutxienez horren berri izan beharko lukeela esango nuke.
Era berean, deigarria da iragartzen dituzten prestakuntza saioak indarrean dagoen 2023-2030 Berdintasun Planaren lehen ardatzean jasota baitaude jada. Azken batean, Ortzadarrek ez du bolbora asmatu Gasteizen.
Hori bai, komenigarria litzateke tokiko kolektiboek egiten duten lana ezagutzeaz gain, gure ordezkari politikoek babesten dituzten elkarteen tokiko benetako inplikazioa ere ezagutzea. Izan ere, Batzokian ardo gozoa partekatzea ez da nahikoa halako jarduera "berritzaile" baten merituak bereganatzeko.
Sabin Etxearen Gasteizko ordezkaritzak egiten duen paper lotsagarria ikusita —eta ohitu nahi ez dugun ikuspegia izanik—, hobe luke Ortzadarrek Pride gutxiago eta bere ordezkarientzat prestakuntza gehiago sustatzea, ezarri dituzten edo ezartzen ari diren politiketan zertxobait ikas dezaten.
Leopoldo Santos Urrutia eta Sejo Carrascosa Lopez. Gasteizko Kuir ekintzaileak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.