Zabalgana Euskara Taldeak (ZET) hainbat ekimen aurkeztu ditu auzoan euskararen erabilera sustatzeko eta herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko. Aurtengo berrikuntzen artean, Euskaraz eskatu ostalaritza kanpaina antolatu dute, dagoeneko auzoko hogei taberna batu dituena. Azaldu dutenez, lankidetza honen helburu nagusia da bezeroek tabernetara sartzean lehen hitza euskaraz egiteko konfiantza izatea, eta, aldi berean, ostalariek hizkuntzaren erabilerarekiko duten konpromisoa erakustea.
Egunotan ospatzen ari diren auzoko jaietan, bestalde, euskarak txoko berezia izango du. Adin guztietako herritarrek harremanak sendotzeko espazioak prestatu dituzte, besteak beste, Parkeetan Euskaraz, Zabalgana Kantuz eta bertso bazkaria egitasmoekin. Ostalaritzako erronkarekin batera, halaber, ZETek kamiseta berriak kaleratu ditu euskararekiko atxikimendua modu ikusgarrian adierazteko. Diseinu berri hauek jaietan jarri dituzte salgai txosnetan, eta, jaien ostean, Naroa Informática saltokian eskuratu ahal izango dira.
Aurten, lehen aldiz hizkuntza behaketa egin dute auzoko parkeetan, eta lehen emaitzek datu baikorrak utzi dituzte: behatutako elkarreraginetan ia lau pertsonatik batek euskaraz jardun du. Haurren eta helduen arteko elkarrizketetan euskararen presentzia gaztelaniarenetik oso gertu dagoela ikusi dute, eta, hortaz, aurrerantzean erronka nagusia haurren arteko harremanetan erabilerari bultzada ematea izango da."Zabalgana Euskara Taldeak auzokide guztiak gonbidatu nahi ditu ekimen hauetan parte hartzera eta egunerokoan lehen hitza euskaraz egitera. Izan ere, auzo euskaldunago bat eguneroko keinu txikiekin eraikitzen da".
