gorka knorr

"Aitortu behar dira Araban kulturgintzan eta euskalgintzan ibili direnak"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 10a

Iraun izenburupean bi kontzertu eskainiko ditu ostiral eta larunbat honetan, Arkabian, Gorka Knorr musikariak. ALEArekin izan da entseguaren atsedenaldi batean.

Bueltan da Gasteizen Gorka Knorr musikaria, 55 urte bete direnean bere lehen kontzertua eskaini zuenetik. "Herrimina daukat, Gasteizmina daukat" aitortu dio ALEAri. "Hemengo jendearekin berbesarkatzeko gogoa daukat".

1971n Manuel Iradier txangolari elkartearen areto nagusian egin zuen lehen kontzertuaren oroitzapen politak gorde ditu Gorka Knorrek. "Ez bakarrik Perturrekin jo nuelako, baizik eta lehenengo aldia zelako jendaurrean kantatzen nuela. Oso ondo gogoratzen dut gitarra hartu, hanka aulki gainean jarri eta dardarka hasi nintzela".

Joseba Azkarraga zen garai horretan Manuel Iradier elkartearen lehendakaria eta berak gonbidatu zuen kantatzera. "Entzun zuen Donostian Eduardo Moreno Bergaretxerekin kantutan ari nintzela. Izan ere, Perturrek erakutsi zidan gitarra jotzen. Gezurra ematen badu ere, 55 urte pasatu dira, ilea urdindu zaigu guztioi, baina hemen gaude".

Iraun izeneko proposamenarekin ospatu nahi du berriz elkartzea. "Banuen Gasteizen errezitaldi oso bat egiteko gogoa, kanta aukeratuekin eta hari komun batekin, hau da, Euskal Herriak eta euskal herritarrek irauteko duten nahi hori azaltzea".

Halaber, aitorpena egin nahi die Knorrek garai ilunetan euskalgintzan eta kulturgintzan Araban lanean aritu ziren elkarteei eta norbanakoei. "Aitorpen bat egin nahi diot Manuel Iradier elkarteari. Momentu hartan, gainera, 60 hamarkadan, gauzak ez ziren errazak. Ni kartzelatik atera berria nintzen, Martutenetik, han Gabonak pasatu nituen. Beti sekretak ibiltzen ziren toki batetik bestera ea zer kantatzen zenuen, zer esaten zenuen. Aitorpen hori egin beharra dago. Araban izan dira ere beste batzuk kulturgintzan eta euskalgintzan lan itzela egin dutenak, Sabin Salaberri edo Juanjo Uranga, Ametz, Patxi Villamor".

Zentsuratutako abestiak

Arkabian egingo duen kontzertuan berreskuratuko ditu Knorrek zentsuratuta eta ezkutuan egon diren bi kanta. "Gasteiz Martxoak 3 hor nonbaiteko artxibo batean egon behar du Madrilen. Estudioan grabatu genuen, baina ezin izan genuen publikatu zentsura zela medio, eta galdu egin zen". Lekukotasun bakarra dago, 1976ko irailean, Donibane Lohizunen Lluis Llachekin batera kontzertu batean jo zutelako kanta eta norbaitek grabagailu batekin bozgorailu baten aurrean jarri eta grabatu zuen.

Irailak 27 frankismoaren azken fusilamenduei buruzko kanta da. Irailak gorde da 24 orduak euskaraz Anoetan ospatu zen jaialdian Herri Irratiak grabatu egin zuelako".

Kontzertu osoak egiteko aukera gutxi izaten direlako izango da hau kontzertu diferente bat. "Kontzertu luzeak ez ditugu ematen, besteak beste, ez delako erraza. Kontzertu bat muntatzeak exijitzen du diru kopuru handi bat eta laguntza barik ezin da antolatu. Orduan bilatzen dira zeharkako bideak, kontzertu erdia edo kontzertu laurdenak egitea. Horretan nik uste dut agintariek arreta gehiago jarri beharko luketela, ez bakarrik ikuskizun handietara begira, baizik eta oinarrizko jendeari begira ere. Aitorpen bat egin behar da mundu horretan, eta bereziki euskararen mundu horretan lan egiten duten guztiei".

Bideoa: EKAITZ ANDA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago