Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi batzuk falta direnean, GKS eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute aurten ere ezingo dutela txosnagunean parte hartu, eta jakinarazi dute aurten ere txosna jarriko dutela Letren Fakultatean, Arabako campusean. Adierazi dutenez, egoera aldatzeko "ahaleginak egin dituzten" arren, ez dute erantzunik jaso.
Hala, hiru eguneko egitaraua antolatu dute txosna alternatiboan. Azken urteetan pairatu duten "beto politikoa" salatzea da helburua, eta baita jai borrokalariak aldarrikatzea ere, "zapalkuntza ororen aurkako aldarri askatzaileak plazaratzeko gune gisa". Abuztuaren 4, 5 eta 6an zabalik izango dute txosna, eta hainbat kontzertu eta ikuskizun antolatu dituzte giroa berotzeko, tartean Ben Yart, Kumbialari, Silitia, Maixa, Malakias, Ke Lepo eta Jime.
Irtenbide eske
Bi eragileek eskatu diote txosna batzordeari jarrera aldatzeko, eta bereziki bertako Ezker Abertzaleko eragileei, datorren ikasturteari begira lanean hasteko deia luzatu diete "irtenbide bat bilatzeko". Gogorarazi dute nola duela hilabete batzuk Euskal Herriko 450 artistek manifestu bat sinatu zuten, "denontzako jaiak aldarrikatzeko". Gasteizko herri mugimenduko hainbat kidek ere babesa adierazi dutela ohartarazi dute.