Gasteiz jai giroan murgiltzen hasiko da laster, Andre Maria Zuriaren festen atarian, eta aurtengo jaien aurreko ekitaldi nagusietako bat Iñaki Palaciosen Bizi den hotsa formatu handiko kontzertu sinfonikoa izango da. Hitzordua abuztuaren 3an izango da, 22:00etan, Foru Plazan, eta txistua ardatz hartuta tradizioa eta garaikidetasuna uztartuko ditu. Ekitaldia are bereziagoa egiteko, luxuzko gonbidatuek parte hartuko dutela iragarri dute: Iñigo Etxezarreta, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Alan Doherty eta Goiatz Dutto igoko dira eszenatokira.
Guztira, 60 musikari baino gehiago bilduko dira oholtza gainean, Iñaki Palaciosen taldearekin batera Et Incarnatus orkestra eta Arabako Gazte Abesbatza arituko baitira. Musikaz gain, dantzak ere lekua izango du DAB dantza garaikideko konpainiaren eta Amezti dantza taldearen eskutik. Ikuskizun handi hau 7.000 pertsona baino gehiagoren aurrean eskainiko dute, eta aukera hori kontzertua zuzenean grabatzeko eta ondoren disko bihurtzeko aprobetxatuko dute.