Gasteizko hamalau gizarte etxeek eta sei udal kiroldegiek bat egin dute LGBTI+ Points sarearekin, eremu horiek berdintasunarekin duten konpromisoa eta erasoen prebentzioan egiten duten lana indartzeko. Gaur jarri dituzte instalazioetako ateetan sareko kide direla egiaztatzen duten bereizgarriak, eta langileei Ertzaintzarekin adostutako jarduera jarraibideak banatu zaizkie, babesa behar duten egoeretan nola jokatu jakin dezaten. Miren Fernandez de Landa Gizarte Etxeen zinegotziak eta Nagore Espin Ortzadar LGBTI+ elkarteko presidenteak azaldu dutenez, ekimen honen bidez "ingurune seguruak, errespetuzkoak eta solidarioak" eskaini nahi dizkiete LGBTIQ+ pertsonei, arreta berezia jarriz trans pertsonen babesean eta LGBTIfobiarik gabeko auzoak eraikitzean.
Urrats berri honekin, Gasteizek ehun gune seguru baino gehiago ditu dagoeneko, 130 baino gehiago Araban, eta horien artean Udaltzaingoaren egoitzak ere badaude; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, 800 inguru dira sarean integratutako espazioak. Kokapen hauek herritarren eskura dagoen mapa baten bidez kontsulta daitezke, eraso bat jasanez gero gertuen dauden babesguneak eta horiek irekita dauden egiaztatzeko. Sareari atxikitako gune guztiek eraso baten aurrean lasai egoteko, biktimaren kontakizuna ez zalantzan jartzeko eta haren erabakiak errespetatzeko jarraibide argiak jasotzen dituzte, beharrezkoa denean larrialdi zerbitzuekin edo senideekin harremanetan jartzeko.
"Gune seguru berri bakoitzari esker, herrialde seguruago bat eraikitzen dugu, edozein pertsonak, bizi den tokian bizi dela, ezer ezkutatu edo azaldu behar izan gabe askatasunez eta segurtasunez bere burua erakusteko", nabarmendu du Ortzadar elkarteko lehendakariak.