Gasteizen mila lokal etxebizitza bihurtzeko aukera zabaldu du Etxebarria alkateak

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 3a

Agintaldian azkeneko aldiz egin du hiriaren egoeraren errepasoa Etxebarria alkateak. Argazkia: Gasteizko Udala.

Gasteizko Udalak araudi berria prestatu du hiriko beheko solairuko lokalak moldatzeko, etxebizitza eskaintza handitu eta espekulazioa saihesteko. Hainbat baldintza bete beharko dituzte lokalek, eta Udal Gobernuak oposizioarekin negoziatu beharko du oraindik neurria adosteko.

Maider Etxebarria alkateak hiriaren egoerari buruzko azken agerraldia egin du agintaldi honetan, eta beste hainbat gairen artean proposamena egin du beheko solairuetako lokal komertzial hutsak etxebizitza bihurtzeko aukera arautu asmoz. Alkateak iragarri duenez, gaur egun hirian mila lokal inguruk bete ditzakete baldintzak etxebizitza gisa erabiltzeko. Neurri honen bidez erantzuna eman nahi izan diote etxebizitzaren prezioen igoerari eta merkatuan dagoen eskaintza urriari. Gasteiz tentsio handiko eremu izendatua izan zen iazko irailean.

Hala ere, aukera ez da hiriko gune guztietara zabalduko. Arauditik kanpo geratuko dira Alde Zaharra, Zabalgunearen eremua, Arriagako zati handi bat eta Salburua zein Zabalganan guztiz urbanizatu gabeko guneak. Gainera, gainontzeko auzoetan ere jarduera komertzial handiena duten kaleak babestuko dira, tokiko merkataritzaren presentzia mantentzeko.

PSE eta EAJk osatutako Udal Gobernuak proposatu du neurria, baina oposizioko indarrekin negoziatu beharko dute, adostasuna lortzeko. Hamar hilabetean onartu asmo dute behin-betiko araudia.

Baldintza zehatzak

Etxebizitza bihurtu ahal izateko, lokalek gutxienez zazpi urte igaro beharko dituzte lehen okupazio baimena lortu zutenetik, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako bizigarritasun, osasungarritasun eta irisgarritasun baldintzak bete beharko dituzte. Era berean, ordenantzak ahalbidetuko du etxebizitza-tailer erabilera mistoa ere, betiere auzokideei ez badie eragozpenik sortzen.

Udalak nabarmendu du etxebizitza berriek babes iraunkorreko araubidea izango dutela, espekulazioa saihesteko. Beraz, salmenta prezio mugatua izango dute aurrerantzean ere, eta administrazioak lehentasunez erosteko eta berreskuratzeko eskubidea izango du etorkizuneko transmisioetan. Etxebizitza horiek titularraren ohiko bizileku izan beharko dute, ezingo dira bigarren etxebizitza izan ez eta alokairuan eskaintzeko erabili, eta erosleak Etxebiden izena emanda egon beharko dira.

Prezioei dagokienez, etxebizitzek babes ofizialeko etxebizitzen erreferentzia izango dute, eta tamainaren arabera gehienezko salneurria zehaztuko du udalak. 45 metro erabilgarri dituen etxebizitza batek gehienez 109.000 euro balioko luke; 60 metroko batek, 144.116 euro; 75 metrokoak, 174.499 euro; eta 90 metrokoak, 198.806 euro. Udalaren arabera, neurriak lokal hutsak berraktibatuko ditu, auzoei bizitasun handiagoa eman eta etxebizitza eskuragarri gehiago sortzen lagunduko du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago